Kafea eta tertulia, beti natural

Herriko sei kafetegik parte hartuko dute euskararen normalizazio kanpainan

Urteak dira, hogei bat gutxienez, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Establezimendu hauei, euskararen presentzia handiagoa helburu, doako zerbitzu eskaintza zuzendu zaie (itzulpenak, maketazioa, pasaia linguistikoa euskalduntzeko euskarri desberdinak, aholkularitza teknikoa...).

Urtero, halaber, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da. Atzo aurkeztu zuten, hain zuzen ere, 2017an Oarsoaldea eskualdeko kafetegiei zuzenduko dizkieten ekimenak eskualdeko Euskara zinegotziek eta merkatari elkarteetako ordezkariek.

Kafea eta tertulia beti natural izeneko ekimenean parte hartu nahi izan duten establezimenduei jendaurreko idatzi eta oharrak euskaratu zaizkie maiatzera bitartean. Maiatz hasieran kafeen karta erraz bat azaltzen duen panelak banatu zaizkie, kafeen irudi eta izenekin. Ekainean azukre zorroak banatuko dizkiete kafetegiei bezeroei kafea gozatzeko zerbitza diezazkieten.

Uztailera bitartean sare sozialetan ere sustatuko da ekimen hau eta kafetegietan egindako argazkiak bidaltzen dituzten lagunen artean ekimenaren irudia daramaten katiluak zozketatuko dituzte.

Udazkenean, urriaren 15etik azaroaren 15era, establezimendu hauetan euskaraz eskatzen duten bezeroei boletoak banatuko zaizkie eta herri bakoitzean 100 €ko erosketaren zozketan hartuko dute parte. Ekimen honen helburua aukeratutako sektorean euskararen erabilera sustatzea da. Bezeroek euskaraz eskatzeko ohitura hartzea.

Oiartzungo sei kafetegi

Guztira, 43 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin: 20 Errenterian, 13 Pasaian, 6 Oiartzunen eta 4 Lezon. Oiartzungo seiak hauek dira: Arraguako Aiako kafetegia eta; Elizaldeko Aialde, Elorsoro kiroldegia, Garmendi txokolategia, Txara eta Xabale.

Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen merkatariren bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Honenbestez, Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, herritarrak gonbidatu nahi ditu eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten. Hizkuntza bera erabiltzea da errezetarik onena euskara indartzeko.

 

Gehigarriak

Kafea eta tertulia, beti natural