Eskolen arteko foroa izango da ostiralean, mugikortasun iraunkorra ardatz hartuta

Oiartzungo ikastetxeak ikasturte honetan mugikortasun iraunkorraren gaia izan dute aztergai, Eskola Agenda 21 izeneko hezkuntza-programaren baitan. Ez da gai hau lantzen duten lehenengo ikasturtea eta horregatik, duela zenbait urte mugikortasunaren inguruan hartu zituzten konpromisoen betetze-maila ebaluatzeaz gain, azken urteetan herria ikuspuntu horretatik nola aldatu den behatzeko aukera izan dute maila ezberdinetako ikasleek. Horrez gain, ohituren aldaketak egon ote diren aztertu dute eta baita Oiartzungo auzoetan herritarron segurtasunerako puntu ilunak ba ote diren ere.

Egindako lan guztia oinarritzat hartuz, hemendik aurrera ikastetxean nahiz herri mailan hobetu beharreko alderdiak mahai gainean jarri eta horien inguruan eztabaidatzeko garaia heldu da. Horretarako, ostiral honetan, goizeko 10:30ean hasita, Oiartzungo ikastetxeen arteko foroa antolatu dute ikastetxeek eta Udalak udaletxeko pleno aretoan, mugikortasun iraunkorrari buruzko konpromiso berriak adosteko, Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten eragile ezberdinen inplikazioa baloratzeko eta Udalari zuzendutako proposamen berriak prestatzeko.

Bestalde, Udalak Elizalde Herri Eskola eta Haurtzaro Ikastola zoriondu nahi ditu, Eskola Iraunkorraren Ziurtagiria lortu dutelako. Eusko Jaurlaritzak ematen duten ziurtagiria da, eta bere eguneroko funtzionamenduan Eskolako Agenda 21 programak ezartzen dituen jasangarritasun printzipioekin koherentzia frogatzen duten ikastetxeak saritu nahi ditu aintzatespen horrekin.