Ostalari eta merkatarientzako oinarrizko euskara eskolak gaur bukatu dira

Bost hilabeteko ikastaroa egin dute zortzi komertziotako langileek

Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak martxan duten Euskara merkataritzara egitasmoaren baitan, zortzi merkatari eta ostalarik euskarazko oinarrizko ikastaroa jaso dute bost hilabetean. Aurten, bi talde osatu dira: goizekoa eta arratsaldekoa.

Bar Alhambra; Itsaso goxokidenda; M2; Zoocenter; Stock Factory; Beti Auro eta +x- komertzioetako langileak izan dira euskara eskolak hartu dituztenak.

Gaur izan dute azkeneko eskola eguna Lur Mitxelena Intxixu AEK euskaltegiko irakaslearekin.

Talde-giro ona

"Ikastaroa hasi zenetik, denek garatu dute entzumena, idazmena... Zailena mintzamena egiten zaie, ausarta izan behar delako hitz egiteko. Batzuk azken asteetan hasi dira ausartzen, lotsak alde batera uzten", dio Mitxelenak. "Irakasle gisa, klaseak prestatzeak eman dit lan gehien. Ustez funtzionatuko zuen materiala ekarri eta ez bada ongi atera, amorratu naiz nire buruarekin".

Ikasleek bost hilabete hauetan ikasi dutela diote. Geles Barril Mamut merkatalguneko Stock Factoryko merkatariak dio "orain seguruago" sentitzen dela euskaraz. Lehenengo aldiz parte hartu du ikastaro honetan.

Talde-giro polita sortu da, Mitxelenak aitortu duenez. "Beraien artean elkar animatzen zuten ikasteko".

Christian Gonzalez, Bar Alhambrako ostalariarentzako ez da ikastaroa egin duen lehen aldia izan. "Errepikatuko" lukeela dio, "pixka bat gehiago beti" ikasten baita. Era berean, euskaraz ez dakiten Oiartzungo ostalari eta merkatariei urratsa emateko gonbita egin die: "Denbora eskatzen du, baina merezi du".

Gehigarriak

Ostalari eta merkatarientzako oinarrizko euskara eskolak gaur bukatu dira