Anton Mendizabalen Sutar eskultura eta mairubaratzen mapa inauguratuko dira

'Arbasoen sua' dokumentala emango da, 25. urteurrenean

Kanposantu ondoan dagoen Anton Mendizabalen Sutar eskultura eta Oiartzungo mairubaratzen mapa inauguratuko dira datorren asteazkenean, hilak 21 (20:30ean, beilatoki ondoan).

Josune Cousillas Kultura zinegotziak eta Jexux Leonet alkateak parte hartuko dute inaugurazio ekitaldian, Anton Mendizabal eskultorearekin eta dantzariekin batera.

Udako solstizioaren egunaren bezperatan izango da inaugurazioa. "Hasiera batean, Zutar izena jarri nion eskulturari, zutarriarengatik. Jorge Oteizak Sutar jartzea gomendatu zidan, suari keinu eginez", azaldu du Mendizabal eskultoreak.

Sutar, mairubaratzen sinboloa

Sutar eskultura duela bederatzi urte jarri zen dagoen tokian. "Sutar mairubaratzen sinboloa da, bere esentziarena. Lurra eta zeruaren arteko lotura da", dio Mendizabalek.

Sutar eskulturak Arritxulogaina markatzen du. Oiartzungo bailaran dagoen mairubaratza sortarik altuena (Biandizko gainean).

Eskultura Jorge Oteizaren omenez egin zuen Mendizabalek: "Oteizak mairubaratzen inguruan poetika bat sortu zuen, askorentzako oso erakargarria izan zena. Nik hori, behintzat, zor diot". Hori eta Oiartzungo Udalak 1990ean mairubaratzen inguruan zerbait egiteko eskaera daude Sutarren atzean. "Horregatik da Oteizaren omenez, baina Oiartzungo eremuan pentsatuz".

Eskulturaren eremuan, Oiartzungo mairubaratzeak markatzen dituen mapa kokatu da orain. "Erreflexiorako puntu bat sortzea izan da helburua. Geroaren gaina da hau: Peña Gantxegiren monumentua, kristautasunaren hilerria... Orain, mendian dagoena ekarri dugu", gaineratu du Mendizabalek.

Josune Cousillas Kultura zinegotziak azaldu duenez, "gaur egun beste tendentzia batzuk daude, elizatik aparte beste esanahi bat emanez agurtzeko. Gune honek horrekin bat egiten du".

'Arbasoen sua'-ren 25. urteurrena

Inaugurazioaren aurretik, Mikel Mendizabalen Arbasoen sua dokumentalaren emanaldia izango da udaletxeko areto nagusian (19:30ean).

Hain zuzen ere, 25 urte bete ditu lanak. 1992an, Oiartzunen Kilometroak lehenengoz izan zirenean, osaatu zen Arbasoen sua, Udalaren eta ETBren laguntzarekin. Duela 3.000 urteko bizimodua errepikatzen saiatu ziren, tartean mairubaratzeak zer ziren agertuz. "Gure ausarkeria izan zen Barandiaranek-eta aipatutako hori guztia itxuratzea", dio Mikel Mendizabal zuzendariak.

 

Gehigarriak

Anton Mendizabalen Sutar eskultura eta mairubaratzen mapa inauguratuko dira