Oiartzungo Informazio Puntu Turistikoaren irekiera

Oiartzungo Informazio Puntu Turistikoa datorren uztailaren 1ean irekiko da eta, uztaila eta abuztu osoan egongo da irekita.

Honela, Oiartzun ezagutzera etortzen diren bisitariek behar duten informazio guztia jaso ahal izango dute Doneztebe plazan bertan kokatuta dagoen bulegoan, Fermiñene eraikinean (Aialde, 2). Uztailaren 1etik abuztuaren 31 arte informazio puntuak izango duen arreta-ordutegia honakoa izango da: egunero 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Oiartzun herriak bisitarientzako eskaintza zabala du. Hiru museoz gain (Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa, Luberri Ikasgune Geologikoa eta Arditurri Meatze Gunea), Aiako Harria Parke Naturalaren barruan ibilbide homologatu ugari egin daitezke. Gainera, Parke Naturalaren barruan, multzo megalitiko ugari aurki ditzakegu eta oso erraza da hauetara iristea. Hauen artean Sorondo, Egiar, Oialeku eta Bianditzeko ibilbideak ditugu. Eta Parke Naturalaren barruan beste aukera bat Bidasoako Kontrabandisten ibilbidea dugu. Ibilbide zirkular hau, XX. mendearen erdialdean kontrabandorako igarobide garrantzitsuak izan ziren hainbat mendi bidexkatan barna doa, eta Oiartzunen Arritxulo aterpea geldiunetako bat da. Bizikletaz zein oinez egin daiteke.

Beste ibilbide interesgarria eta erraza Arditurriko Bide Berdea da. Zazpi kilometrotan zehar Oiartzun ibaiaren parean doa, adin guztientzako moduko ibilbidea da, ia maldarik ez baitu. Oinezkoentzat, txirrindularientzat edo patinatzaileentzat egokia da, eta gainera ibilbidea Donostian hasi daiteke.

Horiek guztiak gastronomia eta ostatu eskaintza zabalarekin batera, Oiartzun herria erakargarri egiten du turistentzat, eskualde osoa, Donostia edota Gipuzkoa osoa bisitatzeko aproposa baita.

Halaber, Informazio Puntu honetatik pasatzen den orok orain dela oso gutxi kaleratu den Oiartzungo Plano Turistikoa eskuratu dezake, diseinu berritua eta herriko informazio zabala jasotzen duena. Doakoa da, eta Pasai Donibane eta Errenteriako Turismo Bulegoetan ere eskuragarri dago.

Gehigarriak

Oiartzungo Informazio Puntu Turistikoaren irekiera