Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saila Zubietako erraustegiaren konplize bihurtu da IBBa prozedurak bete gabe emanda

Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalok errekurtsoa jarri dugu

2016ko apirilaren 11ko ebapenean Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak EAJk eta PSE-EEk Zubietan egin nahi duten erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) eman zion Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresari. Aurrekariak ezagututa, Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalok errekurtsoa jartzea erabaki genuen. Izan ere, ikusi dugu Eusko Jaurlaritzak prozedura guztiak ahaztuta, "automatikoki" eman duela Ingurumenaren Baimen Bateratura.

Hauek IBBa baimentzeko orduan egindako arau-hausteak:

1) Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena (IEA) iraungita zegoen, bi urteko epean obrak ez zirelako hasi. Baimen honen aldaketa egiteko prozedura bera ere urratu egin da.

2) 2010eko Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ere iraungita zegoen, ebazpenak berak ezartzen zituen epeak igarota zeudelako. 2016ko martxoaren 7ko ebazpena, zeinak IBBa luzatzen duen, baliogabea da, ez duelako justifikaziorik eta legez kontrakoa delako. IBBa iraungitzen denean, ezin da gehiago luzatu.

3) 2016ko apirilaren 11ko ebazpena ez da ongi justifikatu. Ez dago espedientean inon txostenik proposatutako aldaketa ez dela funtsezkoa egiaztatzeko. Gainera, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena (IEA) eta Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez ziren argitaratu. Hori gutxi balitz, bi baimen horiek ebazpen bakar batean eta organo berak onartu ditu, legea urratuz.

4) URA agentziari txostena eskatu eta erantzuna jaso gabe eman da baimena, legezko epea bete gabe eta txostenik eskatu gabe.

Egoera hau salagarria da Eusko Jaurlaritzak prozedura guztiak urratu dituelako. Berriki, Jaurlaritzaren Ingurumen sailak inkesta baten berri eman du eta azpimarratu du herritarren kezka nagusienetakoa dela ingurumenaren zaintza. Kontzientzia oso hedatua omen dago gai honekin. Ba, hara non, hori predikatzen duen sailak arduragabekeriaz jokatzen duen, eta lehenetsi egiten ditu erraustegiaren atzean dauden interes ekonomikoak, herritarren osasunaren eta ingurumenaren kaltetan.

Izan ere, ingurumenaren ikuspuntutik Zubietako erraustegiaren proiektua onartezina da eta urratu egiten ditu Europako zuzentarauak zein hortik eratorritako legedia eta plangintzen irizpideak.

Ingurumen sailak zergatik izan du hainbesteko presa, 11 lan-egunetan guztia tramitatzeko? Ez du legezko epea bete, ez dio URAren txostenari itxaron. Korrika, presaka eta gaizki kudeatu du hain gai zaila. Ingurumen sailaren funtzioa ingurumenaren zaintza beharko lukeen arren, interes partidistei erantzun diola argi ikusi dugu.

Jakin badakigu erraustegiaren proiektua batzuentzako zeinen garrantzitsua den. Edozein pauso emateko korrika eta presaka, ezkutuan eta modu ezegokietan egiten ikusi izan ditugu Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioan EAJ eta PSEko erraustegizaleak. Baina oraingo honetan, Zubietako errausteiga egiteko bidea erraztu dietenak, beharrezko prozedura jarraitu gabe, Jaurlaritzako Ingurumen sailekoak izan dira. 

Gipuzkoarron osasunarentzako, ingurumenarentzako eta ekonomiarentzako kalte handiak ekarriko dizkigu proiektu honek, beraz, ezin dugu isilik geratu Ingurumen sailak egindako prozedura eta arau urratzeak ikusita.

Gipuzkoarrok errespetua merezi dugu eta, beste behin ere, erraustegiaren proiektua nola edo hala egin nahi dutenei eta euren konplizeei esan behar diegu ez gaudela geldi eta gure herritarren eskubideak defendatzeko lanean jarraituko dugula. 

Gehigarriak

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saila Zubietako erraustegiaren konplize bihurtu da IBBa prozedurak bete gabe emanda