Madalensoro eta Lintziringo lanak egiteko kreditu aldaketak egin dira

Oiartzungo Zarata Mapa onartu zen atzo

Ekaineko ohiko udalbatzarrak Oiartzungo Zarata Mapa onartu zuen atzo, ahobatez. Legeak esijitzen duen bezala diagnostikoa egin da, herriko zarataren iturriak neurtuta kalitate akustikoa hobetzeko.

Haurtzaro Ikastolako Haur Hezkuntza saila berritzeko egingo diren lanak udal onura publikoko izendatu zituen atzo udalbatzarrak. Hori dela eta, hobaria jasoko dute tasetan.

Bi kreditu aldaketa ere onartu ziren atzo, besteak beste, Madalensoro berritu eta Lintzirin eremuko hirugarren faseari ekin ahal izateko. Jexux Leonet alkateak azaldu zuenez, "diru-erreserba osoak egin behar izan ditugu udal aurrekontuetan, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak bi proiektuetarako laguntza emango du".

Ekaineko protokolo gastuak

Ekaineko protokolo gastua 181,72 € izan da bidaia, garaikur eta luntxetan. Maiatzean, 89 € gastatu ziren harpidetzatan.

Galdera-eskarien atalean, EAJren izenean Rafael Bergaretxe zinegotziak "babes eskaera" egin zion Gobernu Taldeari: "Batzokiko hormak markatu dituzte berriz, presoen egoeraren erru guztia EAJrena balitz bezala". Margoketak "garbitzeko" eskatu zion Udalari, "aurreko aldietan eskatu izan dugunean egin izan den bezala".

Leonet alkateak "eskaera jasota" geratzen zela adierazi zion. "Presoen auziak erreakzio asko pizten ditu. Herritarrek haserrea adierazteko modu asko dituzte. Herrian normalizazioan urratsak ematen ari garela uste dut eta hori baloratu behar genuke".