Bere gain hartuko ditu Oiartzungo Kirol Aukerak SAren ardurak
Gaur, ezohiko udalbatzarrean OKISA udal enpresa publikoa desegitea onartu du Udalak, ahobatez. Orain, OKISAren ardurak bere gain subrogatuko ditu Udalak.
Udala bazkide bakarra izan den enpresa publiko honek udalerriko zenbait kirol eta aisialdi instalazio kudeatu ditu orain arte -esaterako, Elorsoro kiroldegia eta Arritxulo aterpetxea-. Desegitearen ondorioz, OKISAk zituen kontratu guztiak subrogatu ditu Udalak bere gain.
Aurrera begira, Udalaren asmoa da Arritxulo aterpetxearen kudeaketa OTASA enpresa publikoak hartzea bere gain. Era berean, Elorsoro kiroldegiaren lizitazioa urte bukaera aldera lehiaketa publikora aterako da.
Hain zuzen ere, Elorsororen kontratazio berri martxan jarri ahal izateko ezinbestekoa tramitea zen OKISA desegitea. Ezohiko udalbatzarraren bukaeran Jexux Leonet alkateak udal teknikariak izan ditu gogoan: "Lanketa franko eman du gai honek eta eskerrak eman nahi dizkizuet korapiloak askatzen jakin izan duzuelako. Zorionak, bilatu duzuelako formula egoerari konponbidea emateko".
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika