Amorratzaileak Oiartzunen

Udal akten hustuketako pasartea

Lanbide berezi baten nondik-norakoak

Historian, gizartearen beharren arabera, lanbideak sortzen joan dira. Prozesu horren baitan, ogibide batzuk bere horretan diraute, hainbatek moldatu behar izan dute eta beste asko, desagertu egin dira edo desagertzeko zorion daude. Antzinako gizarteetan murgiltzen garenean atentzioa ematen diguten hainbat topa daitezke (borreroa, ehortzailea, zirujau-bizargina, albaitaria...). Horien artean bazen bat aurreko mendeetako gizartearen sinismenekin estuki lotuta egon dena, eta XX. mende hasieran orandik bere jarduna mantentzen zuena: amorratzaile edo salutorea.

Amorrua oso hedatua zegoen gaixotasuna zen, bereziki landa eremuan. Eraginak eta aurre egiteko tresna mugatuek gaitzaren inguruan hamaika sinismen ekarri zuten. Amorratzaileak gaixotasunaren sendaketaren baitan sortu ziren, nahiz eta bestelako gaitzak ere jomugan izan zituzten. Lan egiteko prozedura misteriotsua zen: beraien arnasa, hatsa edo listua erabiliz sendatzen zuten, baita pixa ere, eta bitartean otoitzak eta konjuruak burutzen zituzten. Izaera bitxita hortik haratago zihoan: halako jardunean aritzen zirenak bikote bereko zazpigarren seme edo alaba ziren, tartean kontrako sexuko umerik jaio gabe; ohikoena gizonezkoen lanbidea bazen ere, ezagun da emakumeak zeregin horretan aritu zirela. Gabon Gauean edo Ostiral Santuan jaiotakoek ere amorratzaile-dohaiak garatzeko joera omen zuten. Hori gutxi balitz, gorputzean markak garatzen zituzten; ezagunenak mingainpean, ahosabaian, hanketan, bularrean eta esku-azpian gurutze-seinaleak ziren. Halako ezaugarriak izateak pertsona horri dohai misteriotsuak ematen zizkion, amorratzaile lana egiteko funtsezkoak zirenak.

Salutadoreak gizarteak zuen eskari bati emandako erantzuna izan ziren. Oso ohikoa zen gaixotasuna pairatzen zuten udalerrietatik kanpoko pertsonak ekartzea. Badirudi Ezkio-Gabiria-Ormaiztegi alde horretatik (eta Albizturrek) amorratzaileen gune kuttuna osatzen zutela, baita Oiartzunen ere.

Frantzisko Altube, Oiartzungo amorratzailea (1696-1707)

Bailarako udal aktei erreparatuta, XVII. mende bukaera arte ez dugu sendagile misteriotsu horien arrastorik. 1696tik aurrera, hamarkada luze batez, Gabiria-Ormaiztegi aldeko bat ibili zen lan horretan: Frantzisko Altube edo Anduaga izenekoa (bi abizenak agertzen dira, lehenengoa ugariena delarik). Berari buruz datu gutxi ditugu, eta ez dira oso argiak. Ezkioko bataio-agirietan, Frantzisko Altube Mendia agertzen zaigu 1654ko maiatzaren 25ean. Hiru anai-arrebetan nagusiena izan zela ematen du. Ondorioz, amorratzaileen inguruko kondairak ezarritako hainbat baldintza betetzen ez zituen pertsona bat. Badirudi 1674ko uztailean Ormaiztegira ezkondu zela, bertan izen bereko baten eta Angela Agirrezabalen arteko lotura dokumentatua baitugu. Herri horretan bertan zendu zen, 1711n, otsailak 25 zituela.

Oiarztunen izan zuen jarduerari dagokionez, 1696ko otsaila inguruan aritu zen. Lehen datua hil horren 19koa da eta horren arabera, Maria Angela Urbietarenean zortzi egunez apopilo hartuta egon zen, egonaldiaren gastuak udalbatzaren gain.

Altube ez zen era finko batean jardun; bere zerbitzuak aldizkakoak izan ziren. Aktek ez dute berarekin sinatutako hitzarmen, kontratu edo akordioei buruzko daturik ematen, eta badirudi beharren arabera dei egin zitzaiola. Honela, lehenengo aztarnatik hamarkada luze batean ez dugu gurean ikusiko. 1707an gaixotasuna uste baino hedatuagoa zegoen. Amorratzaileak martxoa erdialdean egun gutxi batzuk egin zituen. Handik hiru astera berriz deitzeko erabakia hartu zuen. Arrazoia apirilaren 9an Jeronimo Unseinek udalbatzaren aurrean agertu zuen: salutadoreak bere lana amaitu eta Oiartzun utzi ondoren, zakur amorratu batek Jeronimoren eta beste hainbaten abelburuei kosk egin zien.

Salutadorearen jarduna gurean

Bailararen hedadura aintzat hartuta, amorratzaileen lanak errazte aldera eta gastuak saihesteko asmoz, barruti bakoitzean elkartzen-puntu bat adosten zen, azienda bildu eta ikuskatze lana egiteko: "se les encarga alos vecinos que tengan promptos y recojidos a un paraje los ganados (...) de forma que (...) tengan los vecinos este alivio y se eviten gastos supérfluos".

XVII. mendera arte ez dirudi Oiartzunen salutadorearekin inolako hitzarmen formalik egin zenik eta agian horregatik, baldintzen artean ez zegoen soldata edo eskupeko zehatzik. Udalbatzak limosna bat antolatzen zuen baserri eta etxeetan, eta biltzailean izendatzen zituen. Ohikoena dirutan ordaintzea zen, baina gutxi batzuek artotan ere egiten zuten. Normalean familia bakoitzari erreal bateko limosna ezarri zitzaion, baina batzuetan guztiek ez zuten diru-kopuru bera ordaindu: 1696ko otsaileko etxeeen zerrendak ikusita, gehienek erreal bat eman zuten, baina bazeuden 0,5; 2; 2,5 edo 3 eman zituztenak ere, Berueta eta Markola etxeak kasu. Hamaika urte beranduago, aldiz, egoera bestelakoa zen. Espainiako Ondorengotza Gerra medio, bailararen baldintza ekonomikoak okerrerantz egin zuen eta etxe bakoitzeko erreal bateko limosna emateko agindu bazen ere, udalbatzak gastua bere gain hartzen bukatu zuen, auzoengandik kobratzeko zailtasunak agerikoak baitziren.

Idatziek ez digute jardunaren inguruko aztarnarik ematen; botika, sendagai edo prozedurei buruzko aipamenik ez. Akta liburuek oso datu adierazgarri bat ematen digute; 1707ko apirilaren 16ko batzarrean, Frantzisko Altube amorratzaile moduan aipatzen zen, baina ez edozein, Inkisizio Santuak onartutakoa baitzen:

"...de Francisco Altuue, vecino de la villa de Ormaiztegui, saludador aprouado por la Santa Ynquisición, que vino a este valle para remedio...".

Ogibideak biltzen zituen hamaika zurrumurru eta kondairaren aurrean eta amorratzaileak gizartean guztiz txertatuta zeudela ikusita, erakunde, ofizialtasun edo garaiko ortodoxiak nolabait beraien jardunari oniritzia eman zion. XVI. mendetik aurrera beraien jardunak ezagutu zuen gorakadarekin batera, amorratzailearen inguruan eztabaida sakon bat hasi zen, jarduna egon zen ala ez erabakitze aldera: salutadoreak zer ezaugarri zituen eta bere lanaren natura (jankotiarra edo deabruzkoa) zalantzan zegoen, baita teologoen artean ere. Hau dela eta, Elizak nolabaiteko eskuhartzea egin zuen, amorratzaileen ezaugarri eta jarduna aztertuz.

Horrez gain, probintziak berak XVIII. mende erdialdetik salutadoreak jo-puntuan izan zituen eta haien aurkako hainbat xedapen eman zituen. Orain arte hustutako aktekin Oiartzunen honek zer eragin izan zuen ezin dugu jakin, baina ziur gaude artxiboko funtsetan informazio gehiago topatzeko aukera dagoela.

Gehigarriak

Amorratzaileak Oiartzunen