Omenaldiak eta liburu-aurkezpenak izan dira protagonista
Xanistebanak iragartzen dituen kultur ekitaldia izan da gaur. Ohi bezala, udaletxeko batzar-gela herritarrez lepo zegoen. Ekitaldia Josune Cousillas eta Ioritz Aizpuru zinegotziek aurkeztu dute. Aurten, Iñaki Arbelaitz Gelbentzu zendu berria gogora ekarriz hasi da ekitaldia, kultur arloan herri mailan egindako lana eskertuz.
Jexux Leonet alkatea izan da hitza hartzen lehena. Gogora ekarri ditu azken urtean kultura arloan Oiartzunen hizpide izan direnak eta xanisteban onak opatu ditu, “eraso sexistarik gabekoak, denon ardura da eta”.
Urtekariaren 47. edizioa eta Artikutzako trenaren historia
Gero, Oiartzun 2017 eta Mugarri urtekariaren aurkezpenaren txanda izan da. Aurtengoa, urtekariaren 47. edizioa izan da. Xixili Mitxelena Arsuaga izan da elkarrizketatu nagusia. Lehenengoz, emakumezko kolaboratzaileak gehiago izan dira gizonezkoak baino.
Ondoren, Anton Mendizabalek eta Suberri Matelok Artikutzako trena Mugarria izan dute hizpide. Artikutza, “paraje natural idealizatu hori, duela 100 urte gune industrial izugarria zela gogora ekartzeko” egin duten ahalegina izan da. Horrez gain, “Artikutzako trenaren bidea ezagutzeko ibilbideak” proposatu dituzte liburuan.
Omenduak: Alaitz Bergaretxe eta memoria historikoaren aldeko taldeak
Omenduek ere izan dute protagonismo berezia. Batetik, Alaitz Bergaretxek Udalaren eskerrak jaso ditu, urtetan xanistebanen hasierako soka-dantza erakusteko egin duen lanarengatik. Bergaretxek malkoak ezin eutsirik eskertu du omenaldia, eta eskerrak eman dizkie “etxekoei, Maixabel Oroz irakasleari, urte hauetan parte hartu duten txistulari eta dantzari bakoitzari, eta nola ez, dantzara plazara atera diren zinegotzi guztiei”.
Ondoren, memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari diren Beloaga Bizirik eta Katin Txikiren txanda izan da. Beloaga Bizirik-en ordezkaria Joxemari Iturriotz izan da. 2012tik Arkalen dagoen Beloagako gazteluaren historia eta gaztelua bera berreskuratzeko egin duten lana izan da saritu dena. “Guretzako saria da oiartzuarrek jakitea hor gaztelu bat izan zela”.
Katin Txikik 36ko gerra eta ondorengoaren inguruan egia, justizia eta erreparazioa lantzeko azkeneko hamarkadan egindako lanaren eskertza Joxan Mitxelena taldekideak jaso du. Aurreratu duenez, “lanean jarraituko dugu, proiektuak bai baititugu”.
Txomin Perurenaren ibilbidea gogoan
Azkeneko omendua Txomin Perurena txirrindulari ohia izan da. Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetariarekin tertulian errepasatu ditu bere ibilbide profesionaleko puntu garrantzitsuenak.
Duela urte batzuk Oiartzungo Udalaren esku utzi zituen jasotako garaikur guztiak eta horiek ikusgai egongo dira xanistebanetan. Lartaun Zikloturista Taldeak lan handia egin du erakusketa prestatzen, Udalarekin batera.
Xanistebanetako kartel lehiaketako irabazleek ere ekitaldi honetan, jaso dituzte euren sariak. Bukaeran Olarri dantza-taldeko Enara Mugarzak eta Ekain Susperregik Ohorezko Kontrapasa dantzatu dute, Lartaungo txistularien laguntzarekin.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika