Uda jai garaia dugu, zalantzarik gabe. Denbora asko ez dela, herrietako ospakizun, festa eta jai gehienak egutegi kristau-katolikoak finkatuak ziren. Errealitate hau askoz adierazgarriagoa zen Antzin Erregimenean, Elizaren presentzia gizartearen hamaika esparrutara hedatua baitzegoen. Edonola ere, hainbat antolakuntzan gizarte zibilaren partaidetza agerikoa zen, auzo eta gobernuek beraien zeregina bete zutelarik. Udal aktetan maiz agertzen dira mundu horri lotutako kontuak.
Elizari lotutako ekitaldiez gain (sermoiak, mezak, prozesioak...), Oiartzungo Bailaran bestelako jarduerak ospatzen ziren garaiak bost ziren: Pazko garaia, Corpus eguna, uda hasierako San Joan, San Pedro eta San Martzial egunak eta, jakina, Done Eztebe, Oiartzungo zaindariarena. Azkeneko biak izan ezik, beste data seinalatuak beste herrietan ere ospatzen ziren.
Baziren beste egun berezi batzuk, hala nola erregeei lotutako gertakari gogoangarriak: jaiotzak, heriotzak, koroatzeak edo igarotzeak. Halakoak alardeekin ospatzen ziren: hor ditugu 1665ean Carlos II. aren koroatzea zelebratzeko egindakoa edota Felipe V. bailaratik 1701 eta 1706an pasatzean egindakoak.
Batzuetan ekitaldiak alor militarretik haratago zihoazen, 1707ko iraila aldera infantearen jaiotza ospatzeko adostutakoak, kasu. Ondorengotza Gerraren ondorioz egoera ekonomikoak okerrerantz egin bazuen ere, Probintziaren idatziak aintzat hartuz, hainbat ekitaldi egitea pentsatu zen: gozematea, dozena erdi antzarren lasterketa, zezenketak, idi-suzkoa ("que se haga una manta cargada de cuetes para un buey que corra el primer día de los toros") eta musiganga bat (hau da, mozorro xelebre edo bitxiekin antolatutako herri-festa, bereziki deabru edo animaliak iruditzaken zituztenak.
Erregeen inguruko ospakizunak
1702an erregearen guda-garaipena ospatzeko hartu zirenak, berriz, bitxiagoak dira, hainbat auzok aurkeztutako ekimen baten aurrean gaudela ematen baitu. Hasiera batean, hainbat gizonezkok udalbatzari Mikelazulo edo Galardigibel inguruan egiteko asmoa agertu zioten, baina gobernuak Elizaldeko plazan egitea adostu zuen, leku hura zikina egotez gain, eremua "despoblado" zelako. Horren ordez, Elizaldeko plazan egitea erabaki zen, berri ona ospatzeko asmoa zuten Bailarako baserri, basetxe eta auzoekin batera. Ez zen gutxiagorako, izan eren, antzar harrapaketa, txupin eta itxaferuez gain, emakumeekin dantzaldia ("baile con nuestras mujeres") ospatzeko asmoa agertu zuten; eta badakigu elizak halakoei zer beldur zien...
Erregeari lotutako ospakizunez gain, erlijioarekin zerikusia zuten ez-ohiko festak ere izan ziren. Batetik 1662an Sortzez Garbiaren eguna ospatzeko antolatutako sermoia, suak eta bolbora pizteak. Bestetik, eta Bailaran berebiziko garrantzia zuena, Done Eztebe martiriaren erlikiak Errenteriatik Oiartzunerako lekualdatzea ospatzeko 1692ko irailaren 12an ospatu zirenak. Adostutakoaren arabera, gorpuzkinei ongietorria emateko, egun horretako goizeko 08:00etan bailarako biztanle guztiak Arraguako larrera joatea agindu zen, Errenteria eta Oiartzungo mugara, beharrezko zituzten arma, bolbora, soka eta bestelakoekin; eliz-kabildokideek berriz, beraien arropa onenak jantziko zituzten. Horrez gain, predikatzaile bat, zezenak, txupinak eta itxafueruak, zortzi antzarren lasterketa, alardea ospatzeko bi danborjole eta, azkenik, Donostiatik propio ekarritako organojolea eta kornetajolea ekartzea erabaki zen.
Zezenketen garrantzia
Aurreko adibideak ez-ohiko jaiak baziren ere, garaiko ospakizunetan antolatzen ziren ekitaldien nondik norako nagusiak ematen dizkigute. Batzuetan Bailararen egoera ekonomikoak gauzak aldatu bazituen ere, ekitaldi nagusienak txistulariak, dantzak eta zezenketak ziren. Herri-musikariak Bailarakoak zein inguruko herrietakoak izan zitezkeen: Donostia, Irun edo Iparraldekoak, 1679ko San Joan, San Pedro eta San Martzial jaieta aritu ziren Juan Zumakoitz danborjolea eta Martin Etxeberria txistularia kasu. Zernolako musika edo dantzak ziren ez da jakiten erraza. Ezpata-dantza oso ohikoa zen, baina ez bakarra: 1702an aipatu dugu emakumeekin batera egiten zirenen adibidea. Halaber, 1704 urtean Donostiatik ekarritako musikariek ezpata-dantza "eta beste dantza berezi batzuk" ("otras danzas particulares") jo omen zituzten.
Zezenketek antolakuntza nabarmena zuten: hesiak jarri eta kendu, itzainak kontratatu, zezenak bildu eta bertaratu, "duzientas garrochas". Horrez gain, oholtza bat antolatzen zen agintariak esertzeko. Halakoei gozemate edo gozemaitza izeneko askari gozo bat ematen zitzaien. 1704ko Done Eztebe egunekoan, adibidez, bizkotxo-lehorrez egindako gozokiak, azukrea, limoiak, Donostiatik ekarritako elurra, fruta eta ardoz osatutako askaria antolatu zen.
Mozorroak eta debekuak
Elizaldek hainbat kontutan ospakizunen zentraltasuna bazuen ere, gehienak (Pazko, San Joan eta San Pedro ospakizunak besteak beste), hiru plazatan egiten ziren: Altzibar, Iturriotz eta Elizalden. Dena den, udalbatzak hainbat kasutarako esparru bereziak antolatzen zituen, 1705eko otsailean Jose Arizabalo eta Antonio Aurelari Madalensoron lizarrak landatzeko emandako mandatuan ageri denez. Bertan, udalbatzak lursail horiek helburu jakin batzuetarako eskuratu zituela adierazten zen: zuhaitzak ipini eta erregeak edo bestelako printzipeen igarotzea ospatzeko egiten ziren alardeak egiteko, baina baita auzokoen aisialdirako ("para vestir de árboles y poner recreo para sus vezinos y usar d´él poniendo su jente en esquadrón en lon tiempos de passar por este Valle los señores reyes y otros principes").
Hiru auzune horiek berezko izaera zuten, oso bizia, eta hau beste ohitura adierazgarri batean ikus dezakegu: San Joan, San Pedro eta San Martzial egunez antolatzen ziren mozorroen usadioan. Gaur egun jaien segurtasun kontuak eta kezkak dauden bezala, orduan ere halakoak agerikoak ziren: mozorrotzearen anonimotasuna aprobetxatuz iskanbilak eta liskarrak sortzen zirelako, bereziki auzune ezberdinen artean.
Hasieran mugak esparru jakin batzuetan aplikatzen ziren: 1668an bi egunen arteko denboran Bailaran zeuden guztientzako armak eta mozorrorik soinean eramateko debekua plazaratu zen; 1679an, berriz, bezperak eta arrats-otoitz edo konpletak esan baino lehen eta jendea elizatik atera aurretik, mozorroak ezingo ziren Elizaldeko plazan eta kaleetan zehar aritu; mandatu nagusia Elizalde inguruetarako bazen ere, agindua Altzibar eta Iturriozko plaza eta inguruetara hedatu zen.
1682 urtea mugarri izan zen mozorro kontuetan, harik eta guztiz debekatu arte: "de aquí adelante, para siempre jamás, no se hagan ni salgan ningunas personas de qualquiera calidad, sexo y condición que sea, echo mozorro y disfrazado en los días del señor San Juan y San Pedro y San Marçial ni en otras fiesta(s) y día alguna, por las plazas y calles d´este dicho valle, de día y de noche, por yncombenientes que se an experimentado...".
Zer dela eta debeku zorrotz hori? Esan bezala, anonimotasunak mendeku, ezinikusi eta bestelako tentsioei bidea egiten zien. 1682an egoerak okerrerantz egin zun nabarmen, harik eta heriotza ekarri arte: Jose Olaziregirena, hain zuzen ere: "a subcedido este presente año la muerte de Joseph Olaçiregui, dueño, en el ruido pendencia y alboroto que se hiciera en plaça de Elizalde (...) entre los dichos vecinos y naturales d´él y mozorros que salieron enmascarados...".
Debekuak hurrengo urteetan berritu ziren. Gertakaria jazo eta lau urtera, 1686an, mozorrotzea heriotza zigorra eta ondasunen bahiturarekin zigortu zen; dantza eta txistularien jardun-ordutegia arautu zen eta jaialdi horietan plaza bateko auzoei besteetara joatea debekatu zitzaien. Hala adierazten zen 1697 urtean: "para que por este medio se euiten enemistades, odios, recelos, heridas y muertes que an suzedido entre los dichos vecinos y yncombenientes que pueden resultar encontrándose los de la parzialidad de un barrio con otro". Urte horretan, udalbatzaren aginduak aintzat hartu gabe, San Juan eta San Pedro arteko gau batez Altzibarko gazteek dantza antolatu eta auzotik atera ziren. Elizaldetik igarotzean zalapartak sortu omen ziren, hainbat atxilotuz.
Eliza, debekuen atzean
1697 horretako uztailaren 13an erabaki zorrotzak hartu ziren. San Joan egunetik San Martzial arteko zortzi egunetan Altzibar, Elizalde eta Iturriotzek, bakoitzak bere aldetik, ospakizunak antolatzeko baimena zuen, baina mugekin: txistulari eta dantzariek ez zuten danborjoleen laguntzarik izango; ekitaldi guztiak etxeratzeko aginduaren ondoren bukatuko ziren (21:00etan) eta, 1679an bezala, bezperen aurretik ospatzen ziren kalejirak debekatu egin ziren. Hau betetzen ez zuenari Oiartzungo bailaratik deserriratzeko zigorra ezarriko zitzaion.
Badirudi mozorroen aurkako zorroztasunak eragina izan zuela, 1697ko gertakaria salbu, 1683tik aurrera gaiak aktetan ez zuelako islarik izan. Askotan eliza debeku horien atzetik zegoen. Ortodoxia katolikoa, Trentoko Kontzilioaren eta Kontraerreformaren inguruko xedapenek ezarritako moraltasuna bultzatu nahian, aurreko garaietako hainbat ohitura eta usadio debekatu edo moldatzeko asmoz hamaika ekimen abian jarri ziren. Oiartzungo mozorroen kasuan halakorik egon zela pentsa dezakegu: debeku gehienak udalbatzaren aldetik etorri baziren ere, ezin ahaztu 1682ko akordioek Bailaran misiolari moduan zeuden bi Jesuiten parte-hartze zuzena izan zutela.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika