Irailaren 17an Arditurriko seigarren bizikleta martxa izango da
Garai batean Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraitzeko erabiltzen zen trenbidea festa giroan murgiko da. Izan ere, irailaren 17an Arditurriko Bide Berdearen seigarren eguna ospatuko da.
Egunari hasiera emateko, Arditurriko seigarren bizikleta martxa abiatuko (09:30ean Errenteriako Gamon zumarditik eta 10:00etan Oiartzungo Doneztebe plazatik). Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz, adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko 15 minutu lehenago irteera puntuan egotea komeni da.
Antolatu dugun ekintza berezi hau Mugikortasun Astearen garai berean ospatzen da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik gabe hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, Oiartzun eta Errenteriatik abiapuntuak jarri dira. Gainera, Euskotrenek eta Renfek bere tren guztietan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, beraz, Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera dago Arditurriko bide berdera sartzeko eta martxarekin bat egiteko.
Arditurrin, ekintza gehiago
Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategia izango da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean. Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin, segway zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Honetaz gain, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute ere: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin...
Aurten saio berri bat izango da gainera, trial erakustaldi bat izango baita 12:00etatik 13:00etara. Iker Rodriguez (Euskadiko Trial txapelduna 2016an), Unai Gomez (2017ko Gipuzkoako Trial txapelduna) eta Julen Gomez (2017ko Gipuzkoako trial bigarren saria) irundarrak izango dira saio berezi honen protagonistak.
Arditurri Bide Berdearen segiarren eguna Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute, herriko hainbat elkarteren laguntzarekin: Lartaun ZTKE, OTXE TE, Girizia KKT eta Tta-k.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika