Jaiak eta parekidetasunari buruz gogoeta-gunea izango da datorren asteazkenean

Herriko eragileei gonbita luzatu zaie

Oarsoaldea mailan festen parekidetasunari buruzko diagnostikoa egiten ari dira lau Udalak, Elhuyarren laguntza teknikoarekin. Gainerako herrietan bezala, Oiartzunen gogoeta-gune bat osatuko da, orain arte egindako lana azaldu eta herritarren -festen antolatzaile eta festen parte-hartzaile diren aldetik- iritziak jasotzeko. Datorren asteazkenean (hilak 27) da hitzordua, Manuel Lekuona bibliotekan, 18:30ean. Bi ordu inguruko saioa izango da.

Jai eta ekitaldien antolakuntzan dabiltzan eragile, talde, elkarte eta norbanakoak gidatu nahi ditu Udalak, bereziki, saio honetara. Hala ere, gaiarekin sentsibilizazioa edota esateko zerbait duen edonor ongietorria izango da.

Etorkizun parekideagoa helburu

Diagnostikoaren lanketan, herri bakoitzean, adierazgarriak izan daitezkeen hiru festa aukeratu dira behaketa egiteko. Oiartzungo kasuan ihoteak, Iturriozko santioak eta xanistebanak izan dira horiek.

Behaketan ateratako ondorioak partekatuko dira gogoeta-gunean eta herritarren iritziak, ikuspegiak... jaso, diagnostikoa osatzeko.

Helburua, parekidetasunaren ikuspegitik hobetzeko esparruak baldin badaude, identifikatu eta etorkizunerako irizpideak markatzea da.

Gehigarriak

Jaiak eta parekidetasunari buruz gogoeta-gunea izango da datorren asteazkenean