Meatzeak, mundu ezkutu bat?

Arditurriko meatzeek ez dute aurkezpen handirik behar. Toponimia arloan ere jarduerak arrastoa utzi du eta horren adierazle dira Gazteluko meatzea, Gazteluko meatze zuria, Matxin-meatze, Meatzegorrieta edo Meatzezuloeta bezalako leku-izenak.

Erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal batzuetan interesaturik baitzeuden. Horregatik, Erdi Aroan Aiako Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena hartu zuen, inguruetako ibai, lats, erreka edo errekastoetan ezartzen joan ziren ur-olek islatzen duten moduan. Horren lekuko, erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Jaso zuten lehenengoak Irungo eta Oiartzungo olagizonak izan ziren, 1328an, nahiz eta handik hamar urtera Gipuzkoa osora hedatu. 

1) Mineral ustiaketa, erregearen esku

Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat esparru eta baliabideren gainean pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horien artean. Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari bat jasotzean zetzan, dirutan zein metaletan. Erregea zen esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.

Hau hala izanik ere, erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo guztiek eskubidea zuten ustiatzeko. Besteetan, jabetasunak pribatutasunerantz jo zuen. Meatzarik munduak, burdinolek bezala, legedi goiztiarra izan zuen. 

Monarka zen metalgune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena, gerora Probintziak berretsi behar bazuen ere. Oiartzungo 1706ko udal akten arabera, Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen, Oiartzungo mendietan zeuden "berun, kobre, zilar eta urre" meak bilatu, aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak begi onez ikusi zuen eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Jarduera bideratzeko Justizek putzu eta zundaketa lanetan inolako trabarik izan ez zezan agintzen zion Bailarari. Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia ikerketa lanetan hasi zen jarduera hori Bailararen (eta Probintziaren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko: azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen eragozpenik ikusi.

2) Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku

Meatzaritza Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamenak ez dira ugariak. Horietako hainbatek izaera negatiboa dute, Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako auzoen arteko liskarrei buruzkoak baitira. Gunea herri ezberdinen arteko mugan egonik, ohikoa zen eztabaida sortzea. 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira Irun eta Oiartzunen artekoak: 1679ko abuztuan udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko meatzetara joan eta bertan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso hartzeagatik. 1694an, Joanes Makutso oiartzuarrari jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea Lesakako Erkazti burdinolako olagizonari saldu zioten. Ordurako Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko justiziak aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak burutzen ari ziren.

"...diferentes cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia de Fuenterrabñia, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que trabajaban en sacar mena en dicho puesto (Aiako Harrian) y enbargádoles la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y embargádoseles sus bienes".

Tentsio hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik buru gabe eta meatzariek beraien jarduna normaltasunez jorratzeko. Justizen kasua ikusita, ordea, mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan.

3) Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte

Meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren. Udalbatzarentzako ia etengabeko buruhaustea zen bideen konponketan antolatzen ziren auzolanetan parte hartzea. Meatzariak Ergoien aldean bizi edo denbora dezente egiten zuten. 1691n, adibidez, Olaizola-garrika, Olaizes-Egurregi eta Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariak Sangio edo Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu ziren; 1692an, berriz, meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu barrutiko bideak lamatzera bidali ziren.

Behargin guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo handitu nahi zirenean. Meatzarien lanabesak haitzak puskatzeko oso aproposak ziren, eta horren lekuko dugu 1701 urte hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara airtu behar zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mendatuaren arabera, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta borrekin joango ziren.

"acudan todos los menaqueros d´este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas peñas...".

4) Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskuan

On Manuel Lekuona zenak Oiartzuni buruzko monografikoaren 80. orrialdean mearen inportazioaren buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz.

Probintziak etengabeko ardura izango du bertako meari babesa emateko gaiaran eta, bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna ematerakoan. Hau dela eta, ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa debekatzen duten neurrien berri ematea. Are gehiago, liburuetan meatze munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.

Probintziak mea esportatzeko debekua plazaratu zuen 1664 aldera. Bailarako olagizon eta burdinola jabeentzako onuragarria zen neurria ez zen denen gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten. Lesakako Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz hornitzeko. Debekua saihesten ahalegindu ziren eta Bailarak Probintziara kexua adierazi zuen, mea esportazio horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela eta. Bailarak argudiatzen zuenaren arabera, kanporanzko bidea baimentzekotan, bertakoek lehengai kopuru txikiagoa izango zuketen eta horrez gain, prezioek gorantz egingo zuten.

Probintziaren xedapenek epe laburrean eragina izan zutela ematen du, baina mendeetako joera eteta zaila suertatu zen. Debekua eta 30 urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako kalte handia zekarrelako: "atento se rreconoce que las meneras se ban acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales". Agindua berriz 1696an eman zen, betetzen ez zenaren seinale.

5) Izen eta protagonista batzuk

Meatzarien bizitzaren berri askorik ez dago. Edonola ere, udalbatzak hartutako erabakien ondotik informazioa ez da guztiz antzua. 

Mea esportatzeko debekuei esker, adibidez, meatzarien izen batzuk plazaratzen zaizkigu. Udalbatzak hartutako erabakien jakinarazpenak akta-liburuetan erregistratzen ziren. 1664an meatzari hauek aipatzen dira:

- Sebastian Arbur

- Juan Etx(...)

- Felipe Intxaurrandieta

- Juanes Isasa

- Martin Perez Pikabe

- Migel Pikabe

- Martin Perez Altamira

- Juan Olaziregi Arain, gaztea

- Juan Goronezbere (?), Juan G(...)agakoaren morroia

- Bonifazio Etxebeste

- Juanes Ibarburu Beroaltza

- Pedro Maia

- Pedro Isasti

- Juan Makutso Algorri

- Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia

- Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia

Gehienei buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1981ean; habaler, Sebastian Arburu bat, 1664an "gazte" moduan aipatzen dena, 1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zen. Ezin ziurtatu, ordea, meatzarien artean agertzen zaizkigun bi lagunekin lotuta dauden.

Batzuetan, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez, 1674an Iturriozko pisuzain izendatu zuten. Pedro Larrearen morroi zen Juanes Indaren kasuan, 1701ean udalbatzak bere aldeko ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik. Baina guztietan adierazgarriena, Bonifazio Etxebesterena dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen lotura islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen 1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain, hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak mendi-ikuskatzaile izendatu zuen. Lan mundutik kanpoko berriei dagokienez, 1689an kapare edo aitonseme aitortu zitzaion.

Azkenik, meatzarientzako morroi lanetan zihardutenak aurreko zerrendan hainbat dira. Garaiko gizartean guztiz errotutako kontua zen, baina informazio hori 1701ean bideak konpontzeko emandako mandatuarekin lotu dezakegu: langileei, beraien ordez umerik ez bidaltzeko agintzen zitzaien. Agidanez, auzolanetan aritu behar zutenek beraien negozioari lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoaren aurretik; baita meatzariek ere.

Gehigarriak

Meatzeak, mundu ezkutu bat?