Teknologia digitalen erabileran gaztetxoek egiten dutena eta gurasoek uste dutena aztertu ditu Adingabeko Mahaiak

Herriko 1.016 ikasle eta gurasok parte hartu dute ikerketan

Oiartzungo gaztetxo (LH 5.etik DBH 4. arteko ikasleak) eta euren gurasoen artean teknologia berrien erabileraren inguruan egindako azterketaren emaitzak aurkeztu zituen atzo Arkaitz Lareki EHUko irakasleak, gurasoen aurrean.

Lareki EHUko irakaslea eta Javi Bravo AGIPADeko hezitzailea izan dira ikerketa egin dutenak, Udaleko Adingabeko Mahaiak sustatuta. "Teknologia digitalak oso gauza positiboak dira: ikasteko, komunikatzeko, sareak mantentzeko... izugarrizko aukerak ematen dituzte. Guk, hala ere, erabilera desegokiak aztertu ditugu", azaldu zuen Larekik.

Errealitatea eta gurasoen pertzepzioa

Ikerketaren helburua teknologia digitaletan (telefono mugikorra, ordenagailua, sare sozialak, Interneteko deskargak...) nerabeek eurek aitortzen dituzten erabilera desegokien eta gurasoen pertzepzioaren arteko aldeko neurtzea izan da.

Erabilera ohiturak; bisitatutako edukiak eta egindako deskargak; datu pertsonalen kudeaketa; harremanak (sare sozialetan) eta argitalpenei buruz galdetu zaie nerabeei eta gurasoei.

Erabilera ohituren kasuan, gurasoen pertzepzioa ez da asko urruntzen euren seme-alabek egiten dutenetik. Gainerako gaietan, berriz, urrutiago dago ustea eta errealitatea: adibidez, sare sozialetan ezezagunen lagun-eskaerak onartu eta eurekin kalean geratzeari dagokiona.

Arauen ezezagutza eta larritasun pertzepzio falta, erabilera desegokien iturburu

Ikerketatik jakin denez, teknologia digitalen erabilera desegokienak 14-15 urteko nerabeek egiten dituzte. "Teknikoki, gurasoak baino askoz abilagoak dira nerabeak, baina heldutasuna falta zaie ondorioak neurtzeko".

Ikasleekin lantzeko gai interesgarriak ondorioztatzeko ere balio izan du ikerketak: ezezagunekin harremantzen direla; oso gauza pertsonalak kontatzen dituztela sareetan edota bideo zein argazkiak igota gaizki sentitzen direla aitortu dute ikasleek.

"Arauen ezezagutzatik eta larritasunaren pertzepzio faltatik" sortzen direla jokabide horiek uste du Larekik. Galdekatuen %80ak larritasun pertzepzioa baduela adierazi du. Talde hori, batez ere, galdekatutako ttikienek eta neskek osatzen dute. "Garrantzitsua da larritasunaren pertzepzioa altu mantentzea gaztetxoen artean, erabilera desegokiak baxuagoak izateko".

Erabilera egokiak bultzatzeko, zer?

Larekik aitortu bezala, "ez dago teknologia digitalen erabilera egokia izateko formula magikorik, etxe bakoitza eta haur bakoitza ezberdina delako", hala ere, irizpide batzuk eman zituen teknologia digitalen erabileraren inguruan: mugikorra eskaini aurretik ongi pentsatzeko; teknologia digitalak erabiltzeko akordioa egitea guraso eta seme-alaben artean... 

Erabilera desegokiak egon diren kasuetan, neurri teknikoak (gurasoen gailuak erabiltzea...) eta batez ere hezitzaileak (gaiari buruz hitz egitea, hausnartzea...) hartzea aholkatu zuen EHUko irakasleak.

Erabilera desegokiek eragiten dituzten zenbait egoera (ciberbullying, grooming...) aurrean, biktimak izan direnak babestea, konfiantza ematea eta frogak gordetzea aholkatu zuen (askotan, gurasoek eurak izaten baitira euren seme-alabek halakorik egin dezakenetik sinesten ez dutenak) eta erasotzaile izan direnean, seme-alabekin enpatia lantzea garrantzitsua dela azaldu zuen (besteengan eragin dutenak kontziente izateko eta konpontzera bultzatuz).

Kasu hauetan, gurasoek errealitatea ukatzea, norbere burua edo beste gurasoak errudun egitea, eta biktima gehiago sortzea ekidin behar direla ere azpimarratu zuen EHUko irakasle eta ikertzaileak.

Errespetua, profilen pribatutasuna, ezezagunekin ez harremantzea eta aplikazioen arauak errespetatzea erabilera arduratsu baterako oinarrizkoak direla azaldu zuen Larekik.

1.016 ikasle eta gurasok erantzun dute galdetegia

Oiartzungo 652 gaztetxok parte hartu dute ikerketa honetan (%62,2 Haurtzaro Ikastolakoak eta %37,4 Elizalde Herri Eskola eta Elizalde Institutukoak). Larekik "ikastetxeen inplikazioa" eskertu zuen, "bestela ez genuen halako lagin handirik lortuko".

364 gurasok ere erantzun dute galdeketa. Erantzun dutenen %56,9 amak izan dira, eta kasuen %18,4 bi gurasoek batera erantzun dute. Aitek bakarrik erantzun dituzten galdetegiak %15,1 baino ez dira izan.

Ikerketako datu guztiak www.oiartzun.eus-en zintzilikatuko dira, guraso eta hezitzaile guztien esku egoteko. 

Gehigarriak

Teknologia digitalen erabileran gaztetxoek egiten dutena eta gurasoek uste dutena aztertu ditu Adingabeko Mahaiak