'Paeta zarrak erantzun', Oiartzuni eta oiartzuerari buruzko mahai-jolasa aurkeztu dute Udalak eta Ttur-Tturrek

1.500 galdera biltzen ditu jolasak

Udalak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak Paeta zarrak erantzun mahai-jolasa aurkeztu dute gaur. Oiartzuni eta oiartzuerari buruzko 1.500 galdera biltzen dituen trivial moduko jolasa da.

Udalaren Euskara saila izan da sustatzailea. Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak esan duenez, "badaude etxe guztietan egon behar duten gauzak; mahai-jolas hau horietako bat da Oiartzungo etxeetan".

Aintzane Lertxundi eta Aintzane Toledo Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideak aritu dira buru-belarri jokoa prestatzen. Lertxundik azaldu duenez, "Oiartzuarren baitan egitasmoan genituen grabaketak eta gure jakintza izan dira abiapuntu". Ondoren, hala ere, herriko aditu askorengana jo dute, galdera horiek zuzenak ziren jakiteko.

Toledok jokoaren nondik norakoak azaldu ditu: sei gairi (sei koloretan banatuak) buruzko 1.500 galdera ditu jolasak: kultura; historia; baserria, natura eta ekonomia; geografia eta toponimia; eta, gizartea eta kirola. Oiartzuerako hitzak kurtsibaz idatzita agertzen dira eta galdera batzuek azalpena dute. "Hala eskatzen zutela uste genuelako, azalpen-liburuxka bat sortu dugu".

Eneko Salaberriak diseinatu du mahai-jolasa eta Iosu Mitxelena marrazkilariak egin dio azala. "Galdera guztiak irakurri nituen eta xelebreak iruditu zitzaizkidan kontuekin zerrenda bat egin nuen. Ondoren, horiek denak modu surrealista xamar batean kokatu ditut Oiartzungo plazan", azaldu du Mitxelenak. "Jokoaren helburua modu entretenigarrian jakintza zabaltzea da, eta marrazkia laguntza bat da horretan".

Herritarren laguntza

Jokoa osatzeko orduan, bidelagun kontraste-mahaia izan du Ttur-Tturrek, arlo ezberdinetako jakituria duten 28 oiartzuarrek osatua: Alvaro Aragon; Iñaki Arbelaitz; Aitor Arozena; Anita Arruabarrena; Ane Badiola; Josu Delgado; Maria Jesus Enbil; Ertzibengoa Aizpeolea familia; Nikolas Etxebeste; Irati Etxebeste; Joxe Kruz Ezeiza; Ainhoa Fraile; Idoia Fraile; Maialen Galdos; Arkaitz Goikoetxea; Kontxita Irastortza; Miren Irigoien; Antton Kazabon; Gloria Larburu; Anita Larburu; Ane Lardi; Arantxa Lete; Iñaki Lopez; Joxe Migel Lopez; Luberri museoa; Esteban Martiarena; Joxe Mari Mitxelena eta Olatz Retegi.

Aurkezpenean, bereziki gogoan izan dituzte Iñaki Arbelaitz zendua, "hasieratik laguntzeko prest egon baitzen" eta, Ane Lardi eta Maria Jesus Enbil, "mahai-jolas honen arimak".

Mahai-jolasa eskatzen hasi daiteke gaurtik

Lehenengo labealdiak 800 ale ditu. Gaurtik aurrera, eskaerak egin daitezke oiartzuarrenbaitan.eus helbidean, Urrats paper-dendan, Elizalde Herri Eskolan eta Haurtzaro Ikastolan.

Mahai-jolasak 20 € balio du eta bukatu arte salduko dira. 

Gabe geldituko al zara?

Gehigarriak

'Paeta zarrak erantzun', Oiartzuni eta oiartzuerari buruzko mahai-jolasa aurkeztu dute Udalak eta Ttur-Tturrek