LANIN, enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzako egitasmoa martxan jarri da

Bi urtean 50 enpresak euskararekiko konpromisoak hartzea da erronka

LANIN, Oiartzungo enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzeko egitasmoa martxan da. Iazko urrian, LANIN diagnostikoaren emaitza aurkeztu zen. Atzo, berriz, Langunearen lehenengo saioarekin martxan jarri da lanketa.

Datozen hiru urteetan egitasmoa lantzeko enpresa bat kontratatu du Udalak, lehiaketa publiko bidez. AIZE-AEK-ko Aitzol Perez de San Roman eta Mikel Urdangarin izango dira teknikariak. Datorren astetik aurrera, herriko enpresetara bisitak egiten hasiko dira LANIN zer den eta zer eskaintzen duen azaltzeko.

Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak esan zuenez, "ordu asko pasatzen ditugu lanean, gizartea han saretzen da, beraz, erantzukizun handia dugu".

500 enpresa ttiki eta ertain daude Oiartzunen

Oiartzunen 50 langile baino gutxiago dituzten 500 enpresa inguru daude. Guztira, 3.000 langile aritzen dira lantoki horietan. LANINen erronka datozen bi urteetan horietako 120 bisitatzea da, eta 50ek, gutxienez, euskararekiko borondatezko konpromisoak hartzea: "Uste dugu Oiartzunen lortu daitekeela".

Lehenengo, iazko diagnostikoan eta atzoko aurkezpenean parte hartu duten enpresengana edota Udalarekin harremana dutenengana joko da. Sektoreka eta industrialdeka ere kanpaina bereziak egingo ditu LANIN-ek.

Hala ere, Oiartzungo edozein enpresa ttikik nahi duen momentuan eskatu dezakete LANIN zerbitzua. Enpresa bakoitzak -bere errealitatearen eta ahalmenen arabera- konpromiso partikularrak hartuko ditu.

Arlo askotako eskaintzak enpresentzat

Arlo askotako eskaintzak egingo dizkie LANIN-ek enpresei: langileentzako Euskara Eskolak (izen-ematea abenduaren 13a arte irekita dago); webgunea .eus domeinura pasatzeko diru-laguntzak; itzulpen zerbitzua; errotuloak euskaraz jartzeko laguntzak; sentsibilizazio saioak...

LANIN egitasmoarek 24 orduren buruan erantzungo ditu enpresen eskaera eta zalantzak. Fermiñene etxeko 3. solairuan izango du bulegoa, asteartetik ostegunera. Harremanetan jartzeko, lanin@oiartzun.org helbidea ere erabili daiteke.

Urdangarin teknikariak dionez, "jendea ez da kontziente hizkuntz kudeaketaren garrantziaz. Herritarren hizkuntz eskubideak daude atzean. Bada jendea euskaraz funtzionatzea erosoago egiten zaiona: adibidez, Osakidetzan dagoeneko 160.000 lagunek eskatu dute artapena euskaraz jaso nahi dutela eta Oiartzunen bertan, herritarren %36,6k euskaraz egiten du errenta aitorpena".

Egitasmoan bat egiten dutenei elkarlanerako prestutasuna eskatuko zaie

LANIN egitasmoarekin bat egiten duten enpresei konpromiso batzuk eskatuko zaizkie: harremanetarako pertsona erreferente bat izendatzea; urtean zortzi orduko auzolana (Languneetan parte hartzea, beste enpresei euren esperientziaren berri ematea, sentsibilizazio saioetan parte hartzea... izan daitezke); praktiketan D ereduko ikasleak hartzen ahalegintzea; eskualdeko hornitzaile euskaldunekin lan egiten saiatzea... "Diagnostikoan parte hartu zuten enpresek ez zirela konpromiso handiak esan ziguten", azaldu zuen Urdangarinek.

LANINek sindikatuekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean aritzeko asmoa ere badu.

Urdangarinek esan bezala, "aldaketa handiak egin daitezke pauso ttikiekin". Baita euskara lan-munduan normalizatzeko ere.  

Gehigarriak

LANIN, enpresa ttiki eta ertainak euskalduntzako egitasmoa martxan jarri da