Argindarraren kontsumoaren datuak ulertzeko tailerra izango da datorren astean

'Argitu' programa herritar, merkatari eta enpresari ttikiei zuzenduta dago

Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak herritar, merkatari eta enpresari ttikiei zuzenduta elektrizitate-kontsumoari buruzko datuak ezagutzeko tailerra antolatu dute hilaren 17rako, ostirala, 18:30ean udaletxeko areto nagusian.

Herritarren eskubidea da datu hauek interpretatzen jakitea eta eskubide hori praktikan jartzeko oinarrizko nozioak emango dira saio honetan.

Tailer praktikoan parte hartu nahi duten herritarrek datorren astelehena (hilak 13) arte eman dezakete izena edurne@izadi21.eus helbidera idatzita edo 628 532 303 telefonora deituta. Baduenak, ordenagailu mugikorra eta Iberdrolako aplikazioko erabiltzaile eta pasahitza eramatea mesede litzateke. Xabier Esteban izango da tailerreko irakaslea.

Tailer hauek Gipuzkoa Argitu programan kokatzen dira eta helburua herritarrek, merkatariek eta enpresa ttikiek energiaren kontsumoa murriztu eta eraginkortasuna handitzea da, modu errazean. Horretarako aurrez aurreko prestakuntza saioak, aholkularitza zerbitzua, energia azokak, Argitu programaren webgunea eta on-line tutorialak jarri ditu Aldundiak gipuzkoarren esku. Programari buruzko informazio gehiago nahi duenak www.gipuzkoaingurumena.eus/eu/argitu helbidean topatuko du.