Oiartzungo Udalak mugimendu feministarekin bat egingo du herrian gertatu den sexu-erasoa salatzeko

Elkarretaratzea gaur da, 19:30ean

Azken egun hauetan, Oiartzunen sexu-eraso baten berri izan dugu. Salatzeko, gaur (hilak 9) Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du Doneztebe plazan, 19:30ean. Oiartzungo Udalak ere bat egingo du elkarretaratze honekin eta herritarrak sexu- eta genero-indarkeriaren kontra aktibatu eta jarrera argia erakustera nahi ditu.

Oraingo honetan ere, Oiartzungo Udalak sexu-eraso eta genero-indarkeria guztien kontrako jarrera argia berretsi nahi du. Bide batez, biktimak bortxaketa salatzeko izan duen ausardia txalotu nahi du. Genero- eta sexu-indarkeriaren aurrean, emakumeek gertatutakoa salatzeak edo laguntza eskatzeak, eta beldurrari aurre egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi du Udalak. Besteak beste, indarkeria egoera batean aurrean emakumeek edozein unetan Oiartzungo udaltzaingora (943 49 33 11) deitu dezaketela laguntza jasotzeko jakinarazi nahi dugu.

Bide batez, Oiartzungo Udalak Oiartzunen jakin dugun azken sexu-erasoaren biktimari bere babes eta elkartasuna adierazten dio eta Udalaren esku dauden baliabideak eta beharrezko laguntza emango dizkio.

Gehigarriak

Oiartzungo Udalak mugimendu feministarekin bat egingo du herrian gertatu den sexu-erasoa salatzeko