Ikasleek ikasturtearen bukaeran Udalari egindako eskaerak erantzuna jaso dute gaurko Eskola Agenda 21en foroan

Aurten landuko duten gaia zarata izango da

Maiatzaren 30ean egindako ikasturte bukaerako udalbatza berezian, Oiartzungo Eskola Agenda 21 programan parte hartzen duten ikasleek mugikortasun iraunkorrari lotutako hainbat konpromiso aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: eguneroko joan-etorriak egiterakoan eta ibilbide motzean oinez edo bizikletan ibiliko direla, ibilbide ertain eta luzeetan garraio publikoaren alde egingo dutela, ibilbideak modu seguruan egiteko familiei arduraz jokatzeko eskatuko dietela, ikastetxeak edo Udalak antolatutako mugikortasun jasangarrirako ekimenen aurrean interesa agertuko dutela...

Eskaerei dagokionez, Udaleko ordezkariek hauek aztertu eta gaur, azaroak 14, ospatutako udalbatzan horietako bakoitza banan-banan erantzun dute. Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programan parte hartzen duten 1.400 ikasleen ordezkaritza batek udaletxeko bilkura aretoan adi-adi entzun ditu udal ordezkariek emandako azalpenak. Besteak beste, honakoa jakinarazi diete:

- Oinezko segurtasuna hobetzeko asmoz martxan jarritako hainbat neurri (Manuel Lekuona etorbidea berritzea, Elorrondo-Kooperatiba oinezkoek soilik erabili ahal izateko egokitzea, aurki Ugaldetxon eta Ibarren jarriko diren semaforoak...

- Xorrola autobusaren zerbitzua hobetzen jarraitzeko neurrien azterketa (udaran eta asteburuetan zerbitzuak zabaltzeko, esaterako).

- Oinezkoen guneak hobetzen jarraitzeko neurriak (espaloiak berritzeko lanak Mendibilen, Katalintxon, Ihurrita poligonoan...).

- Bidegorri-sarea hobetzen jarraitzea: itxitura berritzea, bidegorria eta Arbelaitz bidea oinezkoentzako lotzea, auzoen arteko loturak lotzeko bideragarritasuna aztertzea...

Dagoeneko eskarmentua dute Oiartzunen, izan ere, aurtengoa 14. ikasturtea da Oiartzungo ikastetxeek Eskola Agenda 21 programa garatzen dutena. Honez gero ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua eta elikadura gaiak aztertu dituzte eta, bai ikastetxean, herrian zein etxean, hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte konpromisoak hartzen dituzte. Ikasturte honetan ZARATA lantzen hasi dira ikastetxeetan eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2018ko maiatzan berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

Gehigarriak

Ikasleek ikasturtearen bukaeran Udalari egindako eskaerak erantzuna jaso dute gaurko Eskola Agenda 21en foroan