Auzo batzarretan eskatutako proiektuak gauzatzen ari da Udala

Auzo guztietan egin dira auzotarren eskaeretatik abiatutako lanak

Oiartzungo Udalak legegintzaldi honetan, baita 2017an zehar, auzotarrek auzo batzarretan egindako eskaeretatik eta adostutako lehentasunetatik abiatutako aktuazioak egin ditu.

Hauek dira auzoetan egin diren lanetako batzuk, auzotarren eskaerak aintzat hartuta: 

Altzibar, auzo lokala bukatzear

Altzibarren, Olaldeko auzo lokala da auzotarren eskaeretatik abiatu den proiektuetako bat. Momentu honetan, lanak bukatzen ari dira. Olalden bertan, zelaian mahaiak jartzeko eskatu zuten auzotarrek eta jarri dira.

Duela gutxi, Klarene plaza konpondu da. Azkenean Cadarso itxi da eta Udalak inguru hori berreskuratzeko proiektua martxan du.

Arragua, Larzabal eremua txukuntzen

Arraguan, legegintzaldi honetan Larzabalko aparkalekua txukundu da eta inguru horretan kirol aniztuneko pista jarri da. Talaiako espaloia txukuntzeko lanak ere egin dira.

Topoko bidearen azpian pin-pon mahaia jarri da eta inguru horretan, taxientzako tokia egokitu da, Taxilarien Elkartearen eskariz. Zubiondoko terraza konpontzeko lanak ere egin dira, bizilagunekin elkarlanean.

Elizalde, Manuel Lekuonako obrak bukatzear

Elizalde Herri Eskolaren ondoko bidea konpondu eta argiztatu da. Auzotarren eskaeraz gain, herriko emakumeek puntu ilun gisa identifikatuetako bat zen.

Euskal Herria plazako lurpeko aparkalekuko lurra konpondu eta parkinga margotu da aurten. Bidegaña eremuko aparkalekuen berrantolaketa ere egin da. Elorrondo kalearen Herriondo-Ergoiengo kooperatiba tartea asfaltatu eta oinezkoentzako bide bihurtu da aurten.

Manuel Lekuona etorbidea konpontzeko lanak bukatzeko punttuan daude. Lan hauekin batera, Beheko Plazako pilotalekua asfaltatu da.

Ergoien, bidegorrira loturak

Ergoiendarrek Uztapide plaza txukuntzeko eskatu zuten eta hala egin da. Era berean, Ergoien beste auzoekin oinez lotzeko egun dauden zailtasunetako bat konpontzeko asmoz, Arbelaitz bidea eta bidegorriaren arteko lotura egin da.

Honez gain, herribideak konpontzen inbertsioak egin dira.

Gurutze, pilotaleku inguruan ekintzak

Gurutzen ere herribideen konponketetan inbertsioak egin dira eta auzotarrek hala eskatuta, Bizardia Elkartearen atzean auzolanean horma sendotu da.

Pilotalekuaren eta aparkaleku publikoaren arteko pasabidea argiztatu da eta pilotaleku ondoko espaloian piboteak jarri dira, oinezkoentzako  bide segurua bermatu eta ibilgailuek gaizki aparkatu ez dezaten.

Iturriotz, Tronpeoko berrantolaketa

Herribideen konponketa iturrioztarren kezka ere izan da, eta horregatik, Udalak auzo honetan ere egin ditu zenbait lan.

Tronpeoko trafikoaren berrantolaketa izan da auzotarren eskariz landu den beste gai bat. Bidezarra bidean espaloia egiteko eskaera ere ase da.

Beheko Soroan helduek gimnasia egiteko gailuak jarria auzotarrek hala eskatuta eta Xorrolako geltokiari kokapen berria eman eta aterpea jarri zaizkio.

Karrika, erreka ingurua sendotuta

Karrikan errekaren errekaltzea egin da, baita herribideen konponketa dezente ere: Oialeku bidea, Lekungarai eta Arraskuekoa konpondu dira.

Ugaldetxo, espaloien berrikuntzak

Ugaldetxoko auzo batzarretan adierazitako kezken ondorioz, Matteoko autobus geltokia berritu da eta Isastiko autobus geltokia tokiz mugitu da, trafikoan arazo gutxiago eragiteko. DUK parean semaforoak jarri dira, oinezkoentzako bide seguruak sortzeko.

Espaloiak konpontzea auzoan agertutako kezka nabarmena izan da eta, hortik abiatuta, Juansendo, Mendibil eta Ihurritako espaloiak konpondu dira.

Mantenu lan ttikiak auzo guztietan

Aipatu ditugun lan hauez gain, mantenu lan ttikiagoak ere egin dira auzo guztietan. Gehienak, auzo batzarretan auzotarrek egunerokoan ikusten dituzten arazo eta hobetu daitezken eremuak Udalari trasladatu dizkiotelako.

Oiartzungo auzoetako bizilagunek hil honen 20 eta 28 artean bakoitzak bere auzoan udal gobernu taldearekin elkartzeko aukera izango dute berriz. Aukera ezin hobea da kezkak partekatzeko, eta zita horiek  baliatzeko deia egin nahi dugu udaletik.

Epe motzean egingo direnak

Epe motzean, auzoetako eskaeretatik abiatutako beste zenbait lan garrantzitsu martxan jarriko dira. Aurtengo aurrekontuaren barruan onartuak daude Arraguan Ganboxa ingurua eta aparkalekua txukuntzeko lanak; Elizalde Legarreako irisgarritasuna hobetzeko eta Iparralde etorbideko aparkalekuak berrantolatzeko proiektua; Altzibar eta Iturriotz arteko espaloia konpondu eta argiztatzea; Karrikan bidea zabaldu eta sarrera konpontzeko lanak gauzatzea; eta Ugaldetxon Intxixu aurrean semaforoak jartzea.

Lan hauek noiz hasiko diren zehatz-mehatz ezin du esan oraindik Udalak, baina urtea bukatu aurretik edo 2018 hasieran hasiko dira guztiak.

Gehigarriak

Auzo batzarretan eskatutako proiektuak gauzatzen ari da Udala