2018ko tasa eta zergen salbuespen eta hobariak eskatzeko epea irekita dago

Otsailaren 28an bukatuko da epea

Gaurtik otsialaren 28a arte, 2018ko udal tasa eta zergetan hobariak edo salbuespenak eskatzeko epea irekita dago. Eskaerak udaletxeko harreran aurkeztu behar dira.

Epeekin tentuz ibiltzeko eskatu  nahi diegu herritarrei, epez kanpo aurkezten diren eskaerak ez baitira aurten aplikatuko.

Hobariak

Hobariak zerga eta tasa kontzeptu ezberdinetan aplikatzeko eskatu ahal izango da. Ondasun Higiezinen Gaineko zergan, familia ugariek %50-90 arteko hobaria izango dute (etxebizitzaren balio katastralaren muga 220.000 € bada gehienez edo familiak 70.000 €ko diru-sarrerak gainditzen ez baditu). Babes ofizialeko etxebizitzek ere lehenengo 3 urteetan %50eko hobaria izango dute, baita eguzki energiaren aprobetxamendurako sistemak dituztenek, lehenengo bost urteetan.

Jarduera Ekonomikoaren Gaineko zergan %30eko hobaria izango dute industria jarduera gune jendetsuetatik eremu industrialetara eramaten dutenek; enplegua sustatzeagatik %25ekoa eta langileen garraio plana dutenek, %50ekoa.

Trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan %90eko hobaria izango dute ibilgailu historikoek eta familia ugariek; %25ekoa, aldiz, ibilgailu elektriko edo hibridoek.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, interes berezikoak edo udal onurakoak diren eraikuntza, instalazio eta obrek %95 arteko hobaria izango dute; ASAP programaren baitan egindako obrek edo eguzki energiaren aprobetxamendurako egindakoek %95ekoa; eta ezinduen irisgarritasun eta bizigarritasun baldintzak errazteko obrek, %90ekoa.

Hiru-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan %95eko hobaria jasoko dute heriotza dela eta, senitartekoen artean egindako eskualdaketek.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere %98,5 arteko hobaria izango da, hileko irabazien arabera.

Hondakinen tasan ere izango dira hobariak: autokonposta egiten dutenek %20; aportazio guneetara eramaten dutenek, %10; arraindegiek eta euren hondakinak gestore pribatuen bidez kudeatzen dituztenek, %50; eta animalia jatorriko azpiproduktuak kudeatzaile egokiekin bideratzen dituztenek, %20.

Salbuespenak

Tasa eta zergen salbuespena eskatu ahal izango dute trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan nekazaritzako ibilgailuek edo ezintasun mugatuko pertsonen izenean matrikulatutako ibilgailuek.

Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak burutzeagatiko tasan ere eskatu ahal izango da salbuespena;  lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiagoko sarrerak dituztenek ur honidura eta estolderian, eta zabor eta hiri hondakinen bilketako tasen salbuespena eskatzeko aukera dute.