Herritarrei zerbitzuak bermatu eta azpiegiturak zein ekipamenduak hobetuko dituzten aurrekontuak osatu dira 2018rako

Aurrekontuak osatzeko prozesua herritarrekin eta oposizioarekin partekatu du Gobernu Taldeak

Oiartzungo Udalak 2018an 16.754.405 €ko aurrekontua izango du, iaz baino 1,3 € gehiago. Udal aurrekontuekin helburu nagusiak herritarrei zerbitzuak bermatzea eta, azpiegiturak eta ekipamenduak sortu eta hobetzea izango dira. Udalaren egoera ekonomikoa normala da, eta hori horrela izanik, ildo nagusia aurreko urteetako politiken jarraipena izango da.

Aurrekontuak osatzeko prozesua urrian hasi zuen Gobernu Taldeak. Besteak beste, auzo batzarretan landu da gaia eta gazteekin ere saio berezia egin da -honela, 143 herritarren ekarpenak zuzenean jaso dituzte udal ordezkariek-. EAJrekin ere gaia lantzeko bilerak egin dira.

Herritarrekin zein oposizioko taldearekin izandako elkarrizketa horien ondorio izan da behin betiko aurrekontua. Aurrekontuak modu parte-hartzailean egitea Gobernu Taldearen lehentasunetako bat da.

Herriko eragileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa

Euskara, Kirola, Gazteria eta Kultura sailek pisu garrantzitsua dute 2018ko aurrekontuan. Arlo horietan lanean aritzen diren herriko elkarteekin elkarlanean jarraitzea da Udalaren asmoa.

Adibide gisa, euskararekiko Konpromisotik aD/Ritzera egitasmoa; kirol-elkarteentzako diru-laguntzak; gazteek bultzatutako proiektuak babesteko laguntzak; edota Beloaga gazteluaren berreskurapenean laguntzea aipatu ditzakegu.

Legegintzaldi honetan martxan jarri diren egitasmoek ere badute lekua 2018ko aurrekontuan: Etxebizitza Bulegoa (herrian dauden etxe hutsak alokairu duinera  bideratzeko helburuarekin); lehenengo sektorea biziberritzeko Lurbizi egitasmoa; mendiak garbitzeko Larre Plana eta kometzio ttikia sustatzeko egitasmoa.

Ongizatea bermatzeko ekintzak

Oiartzuar guztien ongizatea bermatzea da Oiartzungo Udalaren egiteko nagusietako bat. Horregatik, orain arteko gizarte politikak mantendu eta indartuko dira (etxez etxeko zerbitzua, esaterako). Gizarte Zerbitzuak hobetzeko egitasmoa ere badu Udalak eskuartean.

Berdintasun Saila ere sortu berri du Udalak, dagokion baliabide ekonomiko eta pertsonalez hornituz. Orain arte Gizarte-Ongizate sailetik landu dira politika feministako gaiak, baina gaiaren garrantziarengatik eta gizarte duin bat izateko ezinbestekoa denez, arlo propio gisa lantzea beharrezkoa dela erabaki da. 

Mendiburu 14 eta Arizmendi-enea egitasmoak

Hirigintzako inbertsioetara 2.304.000 € bideratuko ditu Udalak aurten. Erdia udal eraikinetara bideratuko da: Mendiburu 14 eremuko erabilera anitzeko eraikinera eta Arizmendi-enea proiektura.

Gainontzean, mantenu-lanak izango dira gehien bat egingo direnak: auzoetako beharrak bideratu; poligonoen biziberritzea; ur-horditeria berritzen jarraitu; argiteria sarea berritu iraunkortasun energetikoa lortzeko; garraio publiko zerbitzuak (Xorrola eta taxibusa) sustatu... Arlo honetan, Altzibar eta Karrika arteko bidegorria izango da gauzatuko den lan garrantzitsuenetako bat.

Gehigarriak

Herritarrei zerbitzuak bermatu eta azpiegiturak zein ekipamenduak hobetuko dituzten aurrekontuak osatu dira 2018rako

Estekak