Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izango da hilaren bukaeran

Sarreren salmenta datorren larunbatean egingo du Ugaldetxo Kultur Taldeak

Ugaldetxo Kultur Taldeak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna antolatu du hilaren 28rako, urtarrileko azkeneko igandea. Aurtengoarekin, dagoeneko badira 22 urte pailazoen emanaldia prestatzen dutena, herriko ttikienen gozagarri. Izaro Ansa, Arantxa Iñarra, Pello Larraia eta Xabier Urkia Ugaldetxo Kultur Taldeko kideek eta Josune Cousillas Kultura zinegotziak elkarrekin aurkeztu dute emanaldia.

Aurtengoan, Borobilean emanaldia izango da ikusgai, Katxiporreta faktoriaren azken lana. Emanaldia hilaren 28an izango da Elorsoro kiroldegian, 17:00etan. Hala ere, sarrerak astebete lehenago salduko dituzte: hilaren 20an, larunbata, Elorsoro kiroldegiko lehiatilan.

Haurren sarrerak 5 €tan salduko dira eta helduenak, 8 €tan. Bi urtez azpiko haurrek ez dute sarrerarik erosi beharko. Erosle bakoitzak gehienez zortzi sarrera erosteko aukera izango du. Egunean bertan ere salduko dira sarrera batzuk.

1.500 lagunentzako tokia izango da Elorsoron. Antolatzaileek, ahalik eta haur gehienek emanaldiaz gozatzeko aukera izan dezaten, heldu bakoitza ahalik eta haur kopuru altuenarekin joateko eskatu dute.

Ia kasualitatez hasi eta... 22 urte!

Ia-ia kasualitatez hasi zen Ugaldetxo Kultur Taldea pailazoen emanaldia antolatzen. Hirukotea Takolo, Pirritx eta Porrotxek osatzen zutenean, eta oraindik oso ezagunak ez zirenean, pailazoen deia jaso zuten ugaldetxotarrek, emanaldi bat antolatzeko proposamenarekin.

"Antolatzen genituen ekintza gehienak helduentzako zirela eta, haurrentzako emanaldia prestatu genuen", akordatzen dute Iñarrak eta Urkiak. Lehenengo emanaldia Ugaldetxoko eskoletan egin zuten duela 22 urte. Ordutik, urtero Pirritx, Porrotx eta hauen lagunak etorri dira Oiartzunera, Ugaldetxo Kultur Taldearen eskutik. "Apustua egin genuen eta oso harreman polita sortu da gure artean", diote taldekideek.

Oiartzungo Udalak Ugaldetxo Kultur Taldeak urte hauetan guztietan egin duen lana aitortu eta herriko familiei haurren artean horren maiteak diren Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi ludiko-hezitzaileez gozatzeko aukera eskaintzeagatik.

Gehigarriak

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izango da hilaren bukaeran