Josune Santestebanekin eta Amaiur Martinezekin hitz egin dugu, alokairu sozialean dagoen etxebizitzaren jabearekin eta maizterrarekin, beren esperientzia kontatzeko
Hezkuntza, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo mendekotasunaren arreta bezalaxe, herritarrak etxebizitza duin batean bizi ahal izatea legeak aitorturiko eskubidea da eta Oiartzungo Udalak, alokairu sozialeko programa aldarrikatu du epe motz eta erdiko etxebizitza beharrei erantzun on bat eman ahal izateko. Sozialki errentagarria den eredu batez ari gara hitz egiten; merkatuko kostua baino txikiagoan, hutsik dagoen etxebizitza bat mobilizatzen baitu eta, era berean, ingurugiroarentzako jasangarria baita, eskasa den baliabide bat, lurzorua, kontsumitzea saihesten duelako.
Era berean, programa honek jabeei hainbat onura eskaintzen dizkie; Oiartzungo Udalari dagokionez, OHZn %50eko deskontua (etxebizitza hutsik edukitzeagatik ordaindu beharko luketen %75a beharrean). Udalak 60 €ko errenta osagarria emango dio 12 hilebetez, Efizientzia Energikoaren Ziurtagiria lortzeko laguntza (100 € arte), obren lizentzian %95eko hobaria, berritzeko proiektuaren finantzaketa (3.000 € arte); gutxienez programan hiru urtez egoteko konpromisoa eskatzen da (bost urtekoa Udalaren berritzeko laguntzak jaso dituztenen kasuan).
Horiek horrela, alokairu sozialerako hutsik dauden etxebizitzak atzemateko Eusko Jaurlaritzaren programa hau da elkarrizketa honen protagonista. Josune Santestebanek, Oiartzungo etxebizitza baten jabeak, eta Amaiur Martinezek, etxebizitzaren maizterrak, programa honekin izandako esperientzia kontatu digute.
Nola jakin zenuten etxebizitzak alokatzeko aukera honen berri?
JOSUNE SANTESTEBAN, jabea: Etxebizitza hutsik zegoen eta noizean behin postontziko mezuak jasotzera pasa ohi nintzen. Halako batean, Oiartzungo Udaletik alokairu sozialaren programari buruzko informazioa iritsi zela ikusi nuen eta interesgarria iruditu zitzaidan.
AMAIUR MARTINEZ, maizterra: Udaletxean lan egiten duen lagun batek informatu ninduen aukera honi buruz.
Eta, zergatik erabaki zenuen alokairua soziala izatea?
JABEA: Jasotako informazioak kuriositatea sortu zidan eta Oarsoaldea Garapen Agentziako bulegoetara joan nintzen zer esaten zidaten ikustera. Berez, ez nuen asmorik etxebizitza alokairuan jartzeko, baina jende gaztea alokairu merkeago batekin independizatu ahal izateko aukera on bat zela iruditu zitzaidan. Gainera, alokatzeko garaian sinatzen den kontratuan eskaintzen diren garantiek konpentsatzen zutela ikusi nuen.
MAIZTERRA: Alde ekonomikoagatik, batez ere. Beste alokairu mota bat baino errentagarriagoa delako.
Zein baldintza bete behar zituen etxebizitzak programan parte hartu ahal izateko? Betetzen zituen?
JABEA: Ez naiz oso ondo gogoratzen, baina badakit sukaldea eta komunaren aldetik minimo batzuk eskatu zizkidatela. Hala ere, etxebizitza berria zen eta ez zuen konponketa beharrik, eskatutako baldintzak betetzen zituen.
Eta zuk, zein baldintza bete behar zenituen alokairu mota hau kontratatzeko maizter gisa?
MAIZTERRA: Alde batetik, etxebizitzaren errentak, bertan bizi diren pertsonen diru-sarreren %30 ez gainditzea zen baldintzetako bat. Honez gain, Etxebiden izena emana egon behar nuen, alokairu erregimenean.
Behin jabe moduan tramite hauek egin ondoren eta zure kasuan, maizter moduan, baldintzak bete ondoren; nolako erlazioa izaten ari zarete bata bestearekin?
JABEA: Maizterrak edozein gauza behar izan duenean harremanetan jarri izan gara; ordainagiriak eguneratzeko, posta helbideratzeko... Orokorrean primeran moldatu gara.
MAIZTERRA: Jabearekin oraingoz erlazioa ona da. Arazoren bat egon denean eraikitzailearekin, zaborraren ordainagiriarekin... jabearekin hitz egin eta konpondu dute. Edozein arazo zegoelarik, berarekin harremanetan jarri izan naiz eta erantzunak egokiak izan dira.
Zein dira kontratua sinatzearekin batera hartutako konpromisoak eta zein garantia eskaintzen zaizue?
JABEA: Betebehearren aldetik, lehen esan bezala, etxebizitza baldintza onetan egotea eta matxurei erantzutea eskatzen zidaten. Bestalde, garantiei dagokionez, errenta ordainduko ez balitz edo edozein kalteren aurrean Alokabidek erantzungo lukeela eta, gainera, alokairu kontratua amaitutakoan egoera berean jasoko nuenaren ziurtasuna transmititu zidaten. Oiartzungo Udalak ere OHZn %50eko deskontua eta ematen dizkigun diru laguntzak eskertzekoak dira.
MAIZTERRA: Alokairuko asegurua kontratatu behar nuen, alde batetik. Bestetik, 1-3 urte bitarteko kontratua sinatzeko aukerak nuen eta oraingoz urtebeteko konpromisoa hartu dut, baina hau luzatzeko aukera dut kontratua amaitutakoan.
Prozesua erraza iruditu zaizue?
JABEA: Bai, prozesua erraza iruditu zait. Oarsoaldeako bulegoaren bitartez jasotako dokumentazioa eta informazioa egokia izan da. Edozein informazio behar nuenean laguntza eskaini didate bertan. Lehenengo aldia zen zerbait alokairuan jartzen nuela eta jaso dudan laguntzarekin prozesua erraza iruditu zait.
MAIZTERRA: Prozesua erraza iruditu zait, nahiz eta lanean jai eguna hartu behar izan nuen Eusko Jaurlaritzarekin kontratua sinatzeko.
Errepikatuko al zenukete alokairu sozialaren esperientzia?
JABEA: Oso gustura nago eta uste dut, gaudela. Inongo arazorik ez badago, alokairu kontratua luzatzeko aukera egongo dela aurreikusten dut, beraz, errepikatuko nuke esperientzia hau. Gaur egun, batez ere gateak independizatzeko aukera izateko etxebizitzak garesti daude. Kasu honetan etxebizitza ez da oso handia, baina bakarrik edo bikotearekin lehen etxebizitza izateko aukera egokia dela iruditzen zait alokairu soziala eta programa honek aukera hau bultzatzen du.
MAIZTERRA: Denak horrela jarraituz gero eta arazorik ez balego, errepikatuko nuke esperientzia hau eta kontratua luzatzeko eskatuko nuke.
ETXEBIZITZA BULEGOAREN DATU PRAKTIKOAK:
Ordutegia: Zita eskatzeko, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara.
Helbidea: Mamut merkatalguneko bulegoak (Oarsoaldea Garapen Agentzia). Astigarragako bidea 2, 2. solairua.
Telefonoa: 943 49 41 29
E-maila: etxebizitza@oiartzun.org
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika