Larunbatean Larre Planeko batzar irekia izango da ganaduzaleekin

Iazko lanen errepasoa egin eta aurtengo plangintza zehaztuko dira

Larre Planaren batzarra izango da datorren larunbatean, otsailak 3, 11:00etan udaletxeko areto nagusian.

Bilera honen helburua Oiartzungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oiartzungo Ganaduzaleen Elkarteko ordezkariek Larre Planaren jarraipena egitea da: 2017an egindako lanen errepasoa egin eta 2018rako aurreikusten denaren proposamena egingo da.

Horrez gain, ganaduzaleen elkarteko estatutuen eguneratzeari buruz ere hitz egingo dute eta norberak dakarrena esateko aukera ere izango du.

Pagolarre, Pikoketa eta Urmendin iratzea garbitu da

Larre Plana Oiartzungo mendi publikoak mantendu eta garbitzeko martxan jarritako elkarlaneko egitasmoa da. Iaz, Ergoien eta Karrikako 162 hektareatan iratzea eta otea garbitu zen: Urmendi, Pagolarre, Bianditz, Zaria, Oianleku eta Kauson. Urmendi eta Pikoketan 2016an ere garbiketak egin ziren, eta mantenu lanak izan ziren egindakoak. Pagolarren, berriz, garbiketa egin zen.

Era berean, iaz Artikutzako itxitura konpondu zuten ganaduzaleek auzolanean. Azkeneko udazken honetan basurdeek eragin dituzten triskantzengatik kezka azaldu zuten abeltzainek Larre Planeko batzar eragileetako batean eta, ondorioz, Udalak Aldundiari neurriak hartzeko eskatuz gutuna bidali zion.

Gehigarriak

Larunbatean Larre Planeko batzar irekia izango da ganaduzaleekin