Berdintasun batzorde teknikoa eta politikoa sortu ditu Udalak

Batzordeak sailen artekoak izango dira

Otsaileko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Besteak  beste, tokiko bizitzan emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko Europako Gutuna onartu zuen udalbatzak ahobatez. Era berean, berdintasun batzorde teknikoa eta batzorde politikoa sortzea ere onartu zen. Agurtzane Lekuona Berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, "helburua genero ikuspegia Udalaren politika guztietan txertatzea da. Berdintasun saila ez da isolatua, horregatik, batzordeak sailen artekoak izango dira".

San Markos Mankomunitateak 2014ko aurrekontuen harira Oiartzungo Udalaren kontra jarrita zuen helegitea atzera bota duela jakitera eman zitzaion udalbatzarrari. Ondorioz, Euskadiko Auzitegi Nagusiko epaia indarrean dago: epaitegiak arrazoia eman zion Oiartzungo Udalari, mankomunitateko 2014ko aurrekontuak bertan behera utziz.

Gai honekin lotuta, eskari-galderen atalean Rafael Bergaretxe EAJko zinegotziak 2015 eta 2016ko auziak nola dauden galdetu zuen. Eneritz Arbelaitz alkateorde eta San Markos Mankomunitateko Oiartzungo udal ordezkariak azaldu zionez, "orain 2014ko udalen ekarpenak kalkulatzen ari dira San Markosen". Hurrengo urteetako aurrekontuak errekurritzeko arrazoia 2014koaren bera izan zen:  indarrean dagoen epaiaren arabera San Markosek egokitzapenak egin behar ditu exekuzioa garatzeko eta hurrengo urteetako aurrekontuak ere egokitu beharko dira.

Otsaileko protokolo gastua 1.769,80 € izan da harpidetza, jardunaldi eta garaikurretan.