Basoaren arriskuak: otsoen aurkako ekimenak

Handia filma bolo-bolo dabil azken asteotan. Pelikularen girotzea sekulakoa da, baserriko bizitza miserablea, ohiturak, gerraren gogorra... Film hasieran Martin anaiak otsokumea hartzen du. Garaiko giroaren adierazle bikaina da. Duela ez asko, gure basoako halako animalien bizileku ziren.

Baso eta oihanak piztien bizitoki ziren eta, abere eta aziendei kalte nabarmenak eragiten zizkieten. Oiartzungo kasuan XVII. mende eta XVIII. mende hasieran bizi zen egoerari buruz galdetu diogu gure buruari.

Otsoak XV. mende amaieran

Datuak eskutan, basapiztien artean otsoek izan zuten protagonismorik nabarmenena, denbora tarte jakin batean: XVIII. mende hasieran, 1700etik aurrera, bereziki larria izan zela ematen du. Faktoreetako bat gerra egoera litzateke (Ondorengotza Gerra). Halako garaiek basoetako giza-jarduna apalduko dute eta bizitza basatiak aurretik galdutako lekua berreskuratuko zukeen. Prozesu hori bera XIX. mendean eman zen, baita Oiartzunen bertan ere.

Udal-aktez gaindi, Oiartzungo bestelako dokumentazioak ere hainbat datu eskaintzen dizkigu. XV. mende amaierako Errenteria eta Bailararen arteko mugarritzean, adibidez, Olaberriaga inguruetatik gertu zeuden mugarrien artean, bat otso-zulo baten ondoan zegoen: "d´este dicho mojón a otro mojón qu´está entre dos caminos, junto a vna cueba de lobos...". Askoz adierazgarriagoak dira, ordea, 1501eko ordenantzek dakarzkiguten berriak. Bertako 55. tituluak otso eta azeriei leku egiten die, haiek ehizatzeagatik sariak adostuz: otso heldu bakoitzeko, dukat erdia; harrapatzen zen otsokume bakoitzeko, dukat erdia; azeriko, aldiz, 3 txanfoi t´erdi. Neurriak animalia horiek oso ugariak zirela islatzen du. Ordenantzek urtean hiru egunez ehizaldi bana egingo zirela xedatu zuten, goizetik gauera arte iraungo zutenak. Jarduna 80-100 lagun inguruko burutuko zuen, lau taldetan  banatuak. Ordurako otsoak eta azeriak oiartzuarren helburu baziren ere, bazegoen bestelako piztien arriskurik, hartzak kasu. Hauen erasoak urriagoak ziren, baina LXVI. ordenantzak aipamena egitea ("otso, hartz eta "antzeko animaliek" egindako erasoak), noizean behin begiztatzen zirenaren isla dakar.

Gorenaldia XVIII. mende hasieran

Aipatutako datuez gain, udal aktetan azaltzen zaizkigun lehenengo berriak Lesakako udalbatzak Oiartzungoari bidalitako gutunei esker dakizkigu. 1696 urtarrilaren 14an nafarrek egindako ehizaren berri eman zion Bailarari.

Ira urtebetera, 1696ko abendu eta 1697ko urtarrila bitartean, bi herriek hainbat gutun bidali zioten elkarri. Lesakak laguntza eske idatzi zion Oiartzuni, Anizlarrea inguruetan otsoek sortutako arazoak zirela eta. Oiartzunek proposamena ez zuen gaizki ikusi, eta gaia jorratzeko alkateak hainbat auzo bidaliko zituela adierazi zion.

Egoera bertsua azaltzen zaigu urte gutxiren buruan. Esan bezala, 1700 urtetik aurrera izan zen otsoen jardunaren gorenaldia. Udalbatzak orduko urtarrilean idatzitako hitzak, behintzat,  ezin argiagoak dira:

"hauiendo renonocido los muchos y continuos daños que haçen los lobos en juridiçión de este dicho Valle y su contorno a los ganado de sus vecinos que ha llegado el aumento y rabia de aquel género de animales que aun de día ban acossando a los reuaños a vista de los pastores y raro es la cría de la yegua que dejan de comer"

Ordura arte erabilitako prozedurak erabili ziren, otsoak hiltzeagatik sariak ematea abeltzainei eta eliz-kabildoari diru-laguntza eskatuz. Ez ziren neurri bakarrak izan; egoera oso samurra ez zenaren zantzuak ageri dira.

Lesaka eta Oiartzunen artean ikusten genuen laguntza hura hedatzeko bidean zen. 1700eko urtarrilean, Bailarak ehiza lanetan aritzeko laguntza eskatzea adostu zuen, Lesakaz gain, Arantza, Igantzi, Astigarraga, Irun, Errenteria eta Goizuetari asmoen berri emanez. Guztiei gutunak zuzendu zitzaizkien eta esker ona azaldu zioten Bailarari, ahal zuten horretan lagunduko zutela adieraziz. Salbuespena Errenteria izan zen: otsailaren 3an bidalitako gutunean parte hartzeari uko egin zion, pairatzen zuen diru eskasia zela eta.

Goizuetak, aldiz, erantzun interesgarria eman zion. Otsoak eta bestelako piztiak ehizatu zituztenei saria emateko asmoari baiezkoa emateaz gain, lanak hobeto antolatze aldera Lesaka, Arantza eta Aranorekin elkarte edo  batasun bat sortzeko proposamena luzatu zuen:

"y porque padecen el mismo daño que V.M. y yo las villas de Lessaca, Aranaz y Arano, sería bien participarles esta noticia para que entre todo estos pueblos circunvecinos se otorgue vna escritura de Uniñon para este efecto".

Asmoek aurrera egin zuten eta Artikutzan hainbat bilera egin ziren. Adierazgarriena otsailaren 15ekoa dugu, sariaren ingurukoa. Astebete lehenago, Oiartzunek eta Lesakak batzarra ospatu zuten leku berean, baina bigarren honetara Arantza, Igantzi, Astigarraga, Goizueta, Arano eta Orreagako Kolegio-etxeetako ordezkariak ere joan ziren. Iruni ere proposamena luzatu zitzaion baina ez zuen ageriko asmorik agertu, bertako abeltzainek otsoek eragindako kalterik aspaldidanik pairatu ez zutelako. Helburua, otsoak ehizatzeko Elkarte bat sortzea zen.

Nafarrak ez ziren izan kezkak plazaratu zituzten herri bakarrak; gipuzkoarrek ere, beste horrenbeste egin zuten. Badakigu Gipuzkoako herrien artean ere otsoak ehizatzeko elkartean sortzeko asmoak zeudela. Astigarragak martxoaren 5ean Oiartzuni zuzendutako gutunean Altza, Amasa, Andoain, Errenteria, Hernani eta Irunen artean halako ekimena bultzatzeko asmoak agerian uzten zituen.

Oiartzun eta Nafarroako herrien arteko Elkartea (1700)

Asmoa zertan gelditu zen ez dakigu, baina Oiartzun eta herri nafarren artekoak aurrera jarraitu zuen. Elkartea 1700 urteko martxoaren 9an Artikutzan ospatu zen batzarrean sortu zen. Helburu nagusia otso eta bestelako piztiak ehizatu eta harrapatzeko kontuak arautzea zen: "hauer esperimentado los considerables daños que hazen los louos y otras fieras en los ganados de las juriziciones de las dichas repúblicas y partes circunvecinas (...) para matar y espeler las fieras y en particular para que los cazadores se esfuercen a hacer salidas...".

Elkartea zortzi urteko epeaz egon zen indarrean, 1708 urte amaiera arte eta sei herriz eta eskualdeko abeltzainez osatua bazegoen ere, aurreikusitako epean kide bat gehiago sartzeko aukera adostu zen.

Ia kapituluen erdia, hiru, sarien ingurukoak ziren. Hauen arabera, otso edo hartzen bat ehizatu edo hiltzen zuenari 28 pisu nafar emango zitzaizkion; ehizatu edo harrapatzen zen otsoko edo hartz-kume bakoitzeko, berriz, 3,5 pistu jasoko zituen. Azken kapitulu horrek hainbat zehaztapen zituen: hiru kume baino gehiago harrapatuko zituenari bikoitza emango zitzaion, 7 pisu alegia. Kopuru hau finkoa zen, hau da, ez zen gehiago ordainduko lautik gora kume atxikitzen bazituzten.

Hitzarmenaren hirugarren kapituluak tigreak ehizatu edo akabatzen zuenaren saria xedatzen zuen. Lan hori egiteagatik, 7 pisu jasoko zituen. Desberdintasuna animaliek eragindako kalteekin zerikusia izan zuelakoan gaude; ustezko "tigre" horien erasoen ondorioak askoz txikiagoak zirela islatuko luke. Batetik, "tigreak" urriagoak ziren; bestetik, tamaina txikiagoa zuten. "Tigre" kontzeptuaren atzetik basakatu edo katamotzei erreferentzia egiten zitzaien.

Dirua jasotzearen kontua oso arautua gelditu zen. Ehiztariak ehiza edo atxikitzea 24 orduko epean jakinaratzeko betebeharra zuen alkatearen aurrean. Udal-epaileak lekukotza egingo zuen jakinarazpena egin eta zortzi eguneko epean, egia zen ala ez jakiteko asmoz. Ehiztariei beste betebehar bat jarri zitzaien: eskupekoa jasotzen zuen azken udalerrian larrua eta kumeak utzi beharko zituen.

Elkarteaz haratago, herri bakoitzak bere neurriak hartu zituen. Oiartzun eta herri nafarrek sinatutako agiri horretako zazpigarren kapituluak, adibidez, otso ehizarako ehizaldiak errepublika bakoitzaren esku uzten zuen. Herriek ingurukoei jakinaren berri ematen zien, bereziki jarduna mugakide ziren eremuetan eman behar bazen. Leskak, adibidez, 1704ko apirilean Oiartzunekin muga egiten zuen lurretan lau ehiztari eta bi artzakur jarriko zituela jakinarazi zion Bailarari.

Ehiztarientzako lan-sariak

Bailarako abeltzainek edota aziendak zituen orok ehiza-sariaren ordainketan parte hartu behar zuen, udalbatzak adosten zuen diru-kopurua emanez. Sistema hori aitzindari moduan jar dezakegu, mende beranduago zabaldu egin baitzen. 1704ko martxoan, bakoitzak jarri beharreko dirua ezkutu laurden bat izan zen, aurreko bi hilabeteetan harrapatutako lau otsoengatik ehiztariei zor zitzaien ordaintzeko. 17005ean abeltzain bakoitzari erreal-zilar bat ordaintzea egokitu zitzaion.

Hori bideratzeko, Oiartzunek biltzaileak izendatu zituen. 1704ko martxoan hamazazpi izan ziren hautatutakoak Arkotz, Ergoien, Bidasorogarrika, Torresaran, Elbarren, Altzibar, Iturriotz eta Elizalden jarduteko. Adostutakoaren arabera, hamabots eguneko epean bildutako dirua udaletxean entregatu behar zuten. Urte hartako apirilean Bailarak elkarteari lotutako bi diru-biltzaile izendatu zituen, Sebastian eta Erramus Lekuna. Hauen lana ehiza-sari bilketaren ikuskatzean zetzan eta auzuneetako arduradunek dirua biltzaile horiei entregatu behar zieten. Ondoren, Lekunatarrek bilketaren nondik-norakoak azaldu behar zituzten, zordunak dirua ordaintzera behartuz.

Sari-bilketa egitea ez zen beti erraza izan eta kontrol zorrotza mantendu nahi izan zen. Bikarioari 1700. urteko apirilean idatzi bat zuzendu zitzaion abeltzainek otsoen ehiza-sariagatik zegokien ekarpena egin zezatela jakinaraz zezan. Antzeko kontuak ageri zaizkigu 1705 urtean ere eta akta-liburuetan, 1704-1706 arteko zerrenda edo erroldak biltzen dira, otso ehiztariei eskupekoa ordaindu zuten eta ez zuten abeltzain edo jendeari buruzkoak.

Gehigarriak

Basoaren arriskuak: otsoen aurkako ekimenak