Ekarpen faseko ekarpenak aztertuta, exekuzio proiektua idazteko fasea hastera doa
Mendiburu 14an erabilera anitzeko udal eraikina egiteko prozesuaren berri eman izan dugu aldizkari honetan aurretik ere. Orain arteko prozesuaren emaitza itzuli nahi die Udalak herritarrei, eta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren azaldu.
Egitasmo honen abiapuntua herrian ongi identifikatuta dauden zebait beharri irtenbidea ematea izan da: erretiratuentzako egoitza egokia, irisgarritasun baldintzak betetzen dituena; kultur aretoa; euskalgintza bateratu eta Oiartzun Irratiak estudio txukuna izatea; Gizarte zerbitzuak eta udaletxeko areto nagusiko erabilerak arintzea.
Proiektu potoloa da bai erantzungo dituen beharren aldetik eta baita aurrekontu aldetik, Mendiburu 14ko eraikinaren eta Landetxe plaza berritzearen proiektuak 4 milioi €ko inbertsioa suposatuko du guztira.
Orain artekoak
Orain gauden momentura heltzeko prozesua beharrezko denbora hartuta egin da. Beharrak ongi aztertu eta Oiartzuni ongi erantzuteko izan dira orain arte emandako urrats guztiak. Lehenengo fasea Mendiburu 14ko eraikinaren erabiltzaile izango diren eragileekin egin zen: Gazte Izanak; euskalgintza eta kultur arloa. Udala eta eragileak zuzenean bildu eta elkarrekin landu dituzte beharren diagnostikoa, zirriborroak, eskaerak, kontrasteak… egin ziren.
Ondoren, lanketa orokorragoaren txanda izan zen: herri mailakoa. Aurkezpen publikoan (76 lagun bertaratu ziren) ordura arte egindako lana aurkeztu, hartutako erabakien arrazoiak azaldu (kokapena etabar) eta aurreproiektuaren ekarpen fasea ireki zen.
Herritarren zilegitasunarekin, aurrera
Ekarpen fase horretan 16 ekarpen jaso dira. Mota ezberdinetakoak izan dira: teknikoak, itxura eta bolumenaren ingurukoak, eta eraikin barruari dagozkionak.
Ekarpenen erantzun teknikoa udaletxeko talde teknikoak prestatu du. Batez ere bolumenaren inguruan zegoen kezka apaldu ahal izateko eta Mendiburu 14 eremuan eraikiko den eraikinaren altuera jaitsi daitekeen jakiteko, azterketa topografikoa eta kultur aretoaren entzumenaren azterketa egin dituzte. Ondorioa baiezkoa izan da, beraz, aurreproiektuan islatutakoa baino baxuagoa izango da etorkizuneko eraikina.
Ekarpenak ikusi ondoren, Udalarentzat ondorio nagusia argi dago: herritarrek ez dute proiektua bera eta beharra kuestionatu. Herritarren partetik hitzez udalak jaso duen mezua ere “eraikina azkar” egiteko izan da. Beraz, herritarrek Mendiburu 14ko egitasmoari emandako zilegitasunarekin, aurrera egingo da proiektuarekin.
Landetxe plazako proiektua
Beraz, Mendiburu 14ko proiektua hurrengo fasean sartu da. Hau da, exekuzio proiektua idazteko lehiaketa martxan da. Martxoaren 5ean onartu zituen Udalak proiektuaren exekuzioaren oinarriak, aurretik jasotako ekarpenak islatuta.
Lan hau esleitzen zaion enpresak Mendiburu 14ko eraikinaren exekuzio proiektua idaztearekin batera, Landetxe plazaren proiektua ere idatzi beharko du.
Landetxe plazak berritzean hartuko duen itxura fase horretan zehaztuko da. Bizilagunekin bilera espezifikoak egin ditu Udalak gaiaren inguruan eta haien ekarpenak aintzat hartuz landuko da plazaren biziberritze proiektua.
Lan honek 185.000 €ko aurrekontua izango du gehienez eta esleitu ondoren, gehienez lau hilabeteko epean idatzi beharko da. Alegia, 2018a bukatu aurretik Mendiburu 14ko eraikinaren eta Landetxe plazaren proiektu definitiboak idatzita egongo dira.
Kultur Aretoaren kudeaketa
Aurreproiektuko emaitzekin sortu den maketa jendaurrean dago ikusgai, udaletxeko sarreran.
Orain arte eraikinaren eraikuntzari dagozkion hurrengo pausoak azaldu dizkizugu. Hala ere, egina egon aurretik eraikin honetan egongo den Kultur Aretoaren erabilera eta kudeaketa nolakoak izango diren lantzen ere hasi behar dela argi du Udalak. Horretarako, kultur eragileekin prozesu parte-hartzaile bat egitea aurreikusten du Udalak, 2018/2019 ikasturtean zehar.
(85. Udala Informatzen)
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika