Etxebizitzen jabeei nahiz maizterrei Udalak laguntzak eta onurak eskaintzen dizkie
Etxebizitza duin batean bizi ahal izatea, legeak aitorturiko eskubide bat da hezkuntza, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo mendekotasunaren arreta bezalaxe. Horiek horrela, Oiartzungo Udalak alokairu sozialerako programa eskaintzen du, epe motz eta ertainean etxebizitza beharrei erantzuteko irtenbide gisa. Alokairu hauek ez dira hilean 550 € baino gehiago izango, eta bete beharreko baldintzak honako hauek dira: Etxebiden izena emana egon behar da alokairu erregimenean, bizitza-unitatearen (etxean bizi diren pertsonak) diru-sarreren %30 baino gehiago ez da bideratuko alokairura eta, bizi unitateak 12.000 eta 39.000 € arteko diru-sarrerak izan behar ditu.
Era berean, programa honek etxejabeei hainbat onura eskaintzen dizkie; Oiartzungo Udalari dagokionez, OHZn %50eko deskontua (etxebizitza hutsik edukitzeagatik ordaindu beharko luketen %75 gehigarria beharrean), Udalak 60 €ko errenta osagarria emango dio 12 hilabetez, Efizientzia Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko laguntza (110 € arte), obren lizentzian %95eko hobaria eta berritzeko proiektuaren finantzaketa (3.000 € arte), gutxienez programan 3 urtez egoteko konpromisoaren truke (bost urteko konpromisoa Udalaren berritzeko laguntzak jaso dituztenen kasuan). Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ASAP edo Bizigune programetarako aseguru hirukoitza eskaintzen die etxejabeei: ordainketa ezak, hondamenak eta asistentzia juridikorako aseguruen polizak.
Josune Santestebanek, zerbitzu honen bidez bere etxea alokariaun jarri duen oiartzuarretako batek, bere iritzia eman digu: "Berez, ez nuen asmorik etxebizitza alokairuan jartzeko, baina jende gaztea gurasoen etxetik atera ahal izateko aukera ona iruditu zitzaidan. Gainera, alokatzeko garaian sinatzen den kontratuan eskaintzen diren bermeek konpentsatzen dute. Errenta ordainduko ez balitz edo edozein kalteren aurrean Alokabidek erantzungo luke eta, gainera, alokairu kontratua bukatutakoan etxea egoera berean jasoko dudanaren ziurtasuna trasmititu didate. Oiartzungo Udalaren aldetik, OHZn %50eko deskontua eta ematen dizkigun diru laguntzak ere eskertzekoak dira".
Azkenik, Santestebanek zera adierazi zigun: "Prozesua erraza iruditu zait. Oarsoaldeako bulegoaren bitartez jasotako dokumentazioa eta informazioa egokia izan da. Lehenengo aldia zen zerbait alokairuan jartzen nuela eta jaso dudan laguntzarekin erraza iruditu zait. Oso gustura nago eta esperientzia errepikatuko nuke. Gaur egun, gazteak independizatzeko aukera izateko etxebizitzak garesti daude. Kasu honetan, etxebizitza ez da oso handia, baina bakarrik edo bikotearekin lehen etxebizitza izateko aukera egokia iruditzen zait alokairu soziala eta programa honek hori bultzatzen du".
Abantaila guztiak ezagutu eta jarraitu beharreko pausoak zein diren jakiteko, hitzordua eskatu daiteke Oiartzungo Etxebizitza Bulegoan: 943 494 129 telefonoan (astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara) edo etxebizitza@oiartzun.org e-mailaren bidez. Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa Oarsoaldea Garapen Agentziak Mamuten dituen bulegoetan dago (Astigarraga bidea, Mamuteko bulego eraikina 2, 2. solairua).
Oiartzungo Udalaren datuen arabera, 179 etxebizitza huts daude Oiartzunen. Horien guztien jabeei eskutitz bide Etxebizitza Bulegoaren, ASAP programaren eta abantailen berri emango zaio datozen egunetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika