Generoaren historiaz: XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasierako Oiartzunen (II)

Gaurkoan, XVII. eta XVIII. mendeetan emakumeen ogibide eta jardunen inguruan udal aktetan topatutakoa izango dugu hizpide.

2) Ogibideak eta jardunak

Udal aktek aditzera ematen duten beste esparru batek emakumeen jardunarekin zerikusia du. Oiartzunen XVII. mende bukaera arte oso ohikoa zen limosna-biltzaileak izendatzea. Maiatz-neska edo maiatz-andere izena zuten, jarduna hilabete horretan burutzen zutelako. Bederatzi dontzeila ziren izendatutakoak, auzune edo plaza bakoitzean hiru; 1691n adibidez, Mariana Seinen alaba naturala izendatu zen, nahiz eta horrek onartu nahi ez. Bildutakoarekin Corpus ospakizunetarako argizaria erosten zen eta elizaren bestelako gastuei aurre egiten zitzaien.

Maiatz-andereen usadioak ez zuen ortodoxia katolikoan oso iritzi onik eta Iruñeko gotzainak, 1692ko apirilean halakoen izendapena debekatu zuen, "yndezenzias, liuindades y graues ynconuenientes y ofensas de Dios, nuestro Señor" zirela eta. Irailaren 23an epaia eman zuen: agindua bete ezean, eliztarrek ohiko sakramentu eta otoitzak hartu eta egiteko eskubidea galduko zuten. Bailara ez zen erabaki horrekin ados egon eta izendapenekin jarraitu zuen. Apirilean hori egiteko asmoa agertu zuen, baina ortodoxia usadioei gailendu egin zitzaien, maiatz-nesken azken berriak 1694koak baitira.

Produktuen salmenta eta elikagaien ekoizpenari lotuta agertuko zaizkigu emakumeak udal aktetan: saltzaile, okin, bentari edo tabernari.1681eko urtarrilean udalbatzaren aurrean “diferentes mugeres que benden por menor en sus casas y tiendas bacallao, sardinas, grasa de ballena, tauaco, aguardiente, papel y otras menudenzias” azaldu ziren; 1693an, Bailarara iristen ziren fruta, barazki, arrain eta bestelako elikagaien emakume-saltzaileei aipamena egiten zitzaien (“bendedoras que binieren a este valle con fruta, ortaliça, pescado y otros qualesquier género de bíueres). Askotan aipamen orokorrak dira, baina beste hainbatetan izen-abizenak iritsi zaizkigu; 1704ko abenduaren 17 eta 25 arten ardoa saldu zutenak, adibidez, honakoak ziren: Maria Josefa Zugasti, Maria Josefa Olano, Mariana Zuloaga, Maria Ignazia Larrea eta Maria Akerreta.

Okin eta tabernariak emakumearen munduari estuki lotuta aurkezten dira. Ogibide horien gaztelaniazko aldaera beti emakume-generoari lotuta ageri da: “panaderas” eta “taberneras” aipatzen dira beti. Bi sektore hauen aipamena ia etengabekoa da udal-aktetan, urtero udalbatzak adostutako prezioak baino garestiago ez saltzeko agindua ematen baitzitzaien, edota ogia ongi oratu eta egitekoa.

Halaber, eliza, baseliza edo bestelako lekutan abandonatzen ziren haurren inude moduan ikusten ditugu, Susana Olaizola 1709an bezala.

Emakumeek esparru politikoan jardutea debekatua zuten eta udal-errenten partaidetzan ere oso paper xumea izan zuten. Azken alor horrek emakumeen jardunerako aukera ematen zuen. Dakigula, Oiartzunen ez dugu errentamenduan partaidetza zuzenaren zantzurik; bai, ordea, berme edo fidatzailea bezala: Martin Oiartzabalek udaletxeko arotzeria-lanak egiteko aurkeztutako fidantza eskrituran (1674ko azaroaren 15ekoa), bere emazte Maria Albiztur eta, Matias Fagoaga eta Frantziska Azkue senar-emazteak agertu ziren bermedun gisa. Azken bikote hori jardun berean aritu zen urte batzuk geroago, 1690eko apirilean, Sebastian Azkue zaharrari dohainezko zerbitzuen gaineko sariaz gain, alabaka eta pisua eman zitzaizkionean.

Mugak muga, emakumeak gizartearen ezinbesteko zati ziren eta komunitatearen partaide izaki, horren beharretara joateko obligazioa zuten. Modu honetan, auzolanetan arituko dira. Beraien partaidetza guztiz errotua zegoen bideak garbitzen, lurra kentzen edo herri-lanetan. 1675eko apirilean, auzo bakoitzak beren etxetik neskame bat bidali zezala adostu zen, sakristiako lurra ateratzeko lanak aurreratzeko. Ugarte oinetxetik Aldako teileria zaharrerako errege- eta gurdi-bidea hobetzeko asmoz, 1702ko irailean deialdia egin zen. Altzibarko plazako eta inguruetako neska eta emakumeei deitu zitzaien eta Arkotza barrutiko jende guztiari. Idi zein zelaberarik zutenek, horiek joan beharko zuten; gizonezkoak, aitzurrarekin; emakumeak, saskiekin. Antzeko mandatua egin zitzaien Elizaldeko ospitale atzeko lurra kendu eta hilerrira eramateko: Elizalde eta inguruetako etxe bakoitzetik pertsona bat joango zen, eta hemen ere, gizonezkoek beraien aitzur eta palekin lanak egiten zituzten bitartean, emakumeek material-garraiolari moduan arituko ziren, saskiak erabiliz.

Gehigarriak

Generoaren historiaz: XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasierako Oiartzunen (II)