Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia herritarrei

Iaz pixka bat jaitsi zen euskaraz egin diren errenta aitorpenak

Herritarrek administrazioarekin duten harreman oro euskaraz izateko aukera eduki behar lukete, eta bide horretan pauso bat da errenta aitorpena euskaraz egitea. Aurten ere Udala eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea kanpaina egiten ari gara, UEMArekin batera, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten. Iaz, errenta aitorpena egiten zuten oiartzuarretatik %36,17 izan zen euskaraz egin zutenak. 

Urtez urteko datuak begiratuta errenta aitorpena euskaraz egiten duten oiartzuarren kopurua dexente igo da 2004tik. Urte hartan %6,2 ziren aitorpena euskaraz egiten zuten oiartzuarrak. 2016ko aitorpenean, berriz, %36,17 izan dira. Hala ere, datu hori 2015eko aitorpenari dagokiona baino baxuago da: aitortzaileen %36,61k egin baitzuen euskaraz duela bi urte.

Hala ere, oraindik herritar asko dira diru-kontuak gazteleraz egiten dituztenak eta herritar horiei bereziki dei egiten diegu pausoa eman dezaten. Izan ere, EUSTATen datuen arabera oiartzuarren %73,9 euskalduna da eta %16 ia euskalduna. Euskararen ezagutza eta errenta aitorpeneko erabileraren arteko aldea nabarmena da.

Bestetik, errenta egiteko modalitateari dagokionez, geroz eta gehiago dira etxean autolikidazio proposamena jasotzen dutenak. Horregatik, bereziki nabarmendu nahi dugu autolikidazioa euskaraz jasotzea eska dezakeela herritarrak inolako arazorik gabe.

Urteroko moduan, zebait euskarri erabiliko ditugu kanpainarako. Herriko finantza erakundeek eta aholkularitzak babesa eman diote aurten ere kanpainari, eta honenbestez, euren bulegoetan jarrita izango dituzte kartelak kanpaina iraun bitartean. Udalak eta Ttur-Tturrek eskerrak eman nahi dizkie Laboral Kutxa, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Sabadell Guipuzcoano, La Caixa, BBVA, Lurgintza nekazarien kooperatiba eta Zubillaga aholkularitzari emandako babesarengatik.

Errentaren kanpaina ekainaren 30a arte luzatuko da Gipuzkoan. Honenbestez, oraindik aitorpena euskaraz egiten ez duten herritarrak animatu nahi ditugu pauso hori ematera. 

Gehigarriak

Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia herritarrei