Udako kirol kanpaina: 35 jarduera baino gehiago 3 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzat

Oarsoaldeko lau udalek antolatu dute eta izen-ematea maiatzaren 2an zabalduko da

Oiartzungo, Errenteriako, Lezoko eta Pasaiako udalek elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2018 Kirol Kanpaina, zazpigarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa gaur goizean Oiartzunen aurkeztu da.

Uda 2018 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea. 

Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskaintzen dira, 3 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat. Aurreko urtean bezala helduei zuzendutako jarduerek ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoak). Besteak beste, ondorengo ekintzak: igeriketa, akuafit, nordic walking, kick boxing edo entrenamendu funtzionala. 

Izena emateko epea maiatzaren 2an zabalduko da. Jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, esku-orrian adierazten diren webgune eta telefonoak erabil daitezke. Era berean, udalerrietako kirol instalazioetan ere ekintze buruzko informazio zehatzagoa jaso daiteke.

8.500 diptiko

Pasa diren urteetan egin den moduan Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jaso da, aurreko urteko formatu berean. Izan ere, askoz ere eraginkorragoa iruditu zaigu informazio guztia modu honetan jasotzea, herritarrek eskaintza guztia begirada bakar batean bistaratzen dutelako. Eskuorrian lau udalrrietan eskaintzen diren jarduerak jaso dira. 

Guztira, 8.500 diptiko banatuko dira eskualdeko ikastetxeetan eta kirol instalazioetan. Halaber, eskaintza horiek guztiak lau udaletako webguneetan zintzilikatuko dira.

Jarduera aniztasuna

Pasa den udako arrakasta ikusita, aurten ere paddel board jarduera izango da Pasaian eta nordic walking Lezon.

Azken urteotan bezala, indarra eman nahi zaie itsasoarekin zerikusia duten jarduerei, eta aurtengo edizio berrian bela, piraguismoa, arrauna eta paddel board praktikatu ahal izango dira. Halaber, zirkoa parkean izeneko jarduera laugarren urtez eskainiko da.

Prezioak eskuorrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirolguneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.

 

 

Gehigarriak

Udako kirol kanpaina: 35 jarduera baino gehiago 3 eta 16 urte arteko haur eta gazteentzat

Fitxategiak