Ondarea herritarren esku jartzea da helburu nagusia
Oiartzungo kultura eta historiaren ondarea bilduko duen Herri Artxiboaren proiektua aurkeztu zuen atzo Udalak, ondare kultural zein historikoaren inguruan aritutako herritarren aurrean.
Proiektuaren abiapuntua "herritarrengandik jaso" duela Udalak azaldu zuen Jon del Olmo zinegotziak. "Proiektura aritu beharrean, denari aterki bakarra eman nahi izan diogu", azaldu zuen.
Oiartzuni buruzko ondarea biltzeko helburua
Udalak eta, Suberri Matelo, Leire Mitxelena eta Eneko Salaberriak osatu duten lantaldeak Oiartzungo Herri Aritxiboa osatzeko landu duten proposamena azaldu zen atzo.
Helburua Oiartzuni buruzko ondarea bildu eta herritarren esku jartzea da. Ondarea oso gai zabala denez, abiapuntu gisa liburu, dokumentu eta ikus-entzunezkoak biltzea proposatu zen.
"Dagoeneko badaude lan batzuk bilduta, baina sakabanatuak daude. Horiek biltzea ezinbestekoa da. Horretarako elkarlana nahitaezkoa izango da", adierazi zuen del Olmok. Adibide gisa jarri zituen Euskaltzaindiak duen Eugenio Arozenaren argazki-fondoa, Ttur-Tturreko Oiartzuarren Baitan, Manuel Lekuona bibliotekako artxiboa, Iñaki Arbelaitzen artxibo pertsonala...
Ondarearen Mahaia
Lana hiru pausotan egitea proposatu zen: lehenengo, dagoenaren inbentarioa egin eta zein funtsetan dauden identifikatu; gero, bilketa lana egin eta azkenik, modalitate egokian argitaratu. 2018 urterako proposatutakoa inbentario-lanak egitea izango litzateke.
Horretarako, batzorde iraunkor bat sortzea proposatu zen: Ondarearen Mahaia. Era berean, Udalak zenbait baliabide eskaintzeko konpromisoa azaldu zuen: espazio fisiko eta digitala, eta baliabide ekonomikoak (6.000-12.000 € artean). Pertsona aditu bat kontratatzea ere proposatu zen, jakintza teknikoa duena gisa honetako lana koordinatzeko.
Oraingoz, Udalaren webgunean, Sailak ataleko Kultura arloan Herri Artxiboaren proiektuaren lehen urratsen berri ematen da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika