Euskadiko Auzitegi Nagusiak San Markos Mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalei arrazoia emanez
Euskadiko Auzitegi Nagusiak San Markos Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo Udalek jarritako helegiteari arrazoia emanez. Aurreko ostiralean aurreratutakoari buruzko azalpen zehatzak emateko, gaur Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udal ordezkariek agerraldia egin dugu San Markos Mankomunitateko egoitzan.
Epaia argia da: 2016ko aurrekontuak baliogabetu ditu eta San Markos Mankomunitatea behartzen du auzibideak eragin dituen kostuak ordaintzera. Luix Intxauspe Hernaniko alkateak azaldu duenez, “ez da lehen aldia gisa honetako epai bat jasotzen duguna. Iazko azaroan, toki berean elkartu zintuztegun beste epai baten berri emateko. Orduko hartan Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko aurrekontuak baliogabetu zituen. Bigarren aldiz, epaitegiek arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan”.
Aurrekariak
2009tik aurrera, San Markos Mankomunitateko hainbat herri gaikako bilketa selektiboa egiten hasi ginen. Udalek mankomunitateari egin beharreko ekarpena, ordea, ez zen egokitu errealitate horretara.
2014an aurrekontuak errekurritu egin ziren. 2015 eta 2016 urteetan egoera errepikatu egin zen; ondorioz, aurrekontuak berriz epaitegietara eraman behar izan genituen, EAJ eta PSE-EEko ordezkariek entzungor egiten jarraitzen ziotelako sistema justuago bat martxan jartzeari.
Xabier Arregi Usurbilgo alkatea argi mintzatu da: “Aurrekontu hauen helburua bilketa selektiboa ondo egiten ez duten herriak ez kaltetzea izan da; ondo egin ala ez, berdintsu tratatzen ditu herri guztiak San Markosek, eta horrela hondakin bilketa eraginkorrak martxan dituzten herriak eta herritarrak zigortu. Hondakinak modu jasangarrian kudeatu nahi badira, ezinbestekoa da ondo egiten ari dena saritzea, eta gaizki ari direnak zigortzea”.
Hernaniko, Oiartzungo eta Usurbilgo udalon iritziz, herritarren praktika onak saritu behar dira eta txarrak zamatu. Irizpide horrek gidatu beharko lituzke edozein erakunderen aurrekontuak, baita San Markosenak ere, horrenbestez.
Europako zuzentarauak betetzeko bidea
Aurrekoa Europatik datozen zuzentarauekin bat dator. Lehengo astean bertan Europako Parlamentuak birziklatzea sustatzeko eta zabortegiak nahiz erraustegiak gutxitzeko erabaki sorta hartu zuen, ekonomia zirkularrarekin lotutako hainbat egitasmo onartzearekin batera. Orain, Europako Kontseilura igorriko dituzte, arau bihurtzeko. Horien arabera, 2025erako hiri-hondakinen %55 birziklatu egin beharko da eta 2035erako, hondakinen %65. Halaber, 2035erako hondakinen %10 baino ezingo dira isuri zabortegietara.
“Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen aspalditik %80tik gorako bilketa selektibo-tasak ari gara lortzen. Eta halako emaitzak saritu egin behar dira, baita ekonomikoki ere. Hala dio Europako parlamentuak ere: hondakinen finantza sistemak lagundu egin behar duela”, adierazi du Arregik.
Elkarrizketarako prestasuna
Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udal ordezkariek, iazko azaroan agertutako jarrera berretsi dute gaur: “San Markosekin hitz egiteko deia egin genuen, eta horretan berresten gara gaurkoan ere”.
“2018ko aurrekontuetan aldaketa txikiren bat izan bada ere, ez da aski”, azaldu du Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeak. “Hala ere, aurtengo aurrekontuak ez ditugu epaitegietara eraman elkarlanerako dugun prestasuna erakusteagatik. San Markos Mankomunitatearen aldetik gardentasuna, zintzotasuna eta, gure herriekiko eta herritarrekiko errespetua espero ditugu”.
2014ko aurrekontuen sententzia egikaritzeari dagokionez, San Markosek kalkuluak aurkezten dizkigunean baloratuko dugu justuak ote diren.
Gipuzkoa osorako tarifikazio justua aldarri
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 2017an San Markos Mankomunitatean %46,9a bildu omen zen gaika. Gipuzkoa guztian soilik bi mankomunitatek dituzte gureak baino datu eskasagoak -oso antzekoak-: Debabarrenak eta Urola Kostak. Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen hondakinak gaika biltzen daramatzagun urteetan praktikan erakutsi dugu gaikako bilketa hori baino askoz handiagoa izan daitekeela. Nahi bada, posible da.
Arbelaitzek azaldu duenez, “gure herriak ez dira ordezkatuak sentitzen mankomunitatean, gaikako bilketaren ehunekoak askoz altuagoak izanda ere, organikoaren eta errefusaren tratamendu-tarifak San Markoseko portzentajearen arabera kalkulatzen dituelako Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) eta, beste behin ere Hernani, Oiartzun eta Usurbil zigortuak eta kaltetuak gara. Gai honen inguruan San Markosen proposamena egin badugu ere, batzarrean gaia bozkatzea ukatu zitzaigun”.
GHKren tarifak eskandaluzkoak eta bidegabeak dira. Gaur egun Gipuzkoan 130 eurotik gorakoa da biohondakinen -hondakin organikoa- tarifa. Gainera, lotuta dago errefusaren tarifarekin. Horrek kalte egiten dio hondakinen hierarkiari. Beste inon ez bezalakoak dira tasa hauek: Gipuzkoan birziklatzea beste inon baino garestiagoa da. Adibidez, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian organikoaren tratamendua 31-33 euro bitarte kostatzen da tonako. Gipuzkoan, San Markoko herriok 138 euro ordaintzen ditugu.
Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalok hondakinen tarifikazioa printzipio egokiekin egin behar dela aldarrikatzen dugu:
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika