Ecoembesek 2017ko datuak aztertu ditu
Gaur, Oiartzunen hondakinak atez ateko gaika biltzen hasi ginenetik zortzi urte betetzen diren honetan, 2017an Oiartzunen bildutako ontzi arinen eta, papera eta kartoiaren balantzearen berri eman nahi dugu. Ecoembesek egin duen azterketatik bi ondorio nabarmentzen dira: batetik, oiartzuarrek inguruko herrietako bizilagunek baino ontzi arin, eta paper eta kartoi gehiago bereizten dutela eta kalitate handikoa dela bereizten den honakin mota, izan ere, %12 baino ez dira inpropioak.
Ontzi arinei dagokionez, guztira, 347.620 kilo jaso ziren iaz (2016an baino %9,34 gehiago), herritar bakoitzeko 34,2 kilo (2016an baino %7,12 gehiago). Inguruko herrietako datuekin alderatuz gero, oiartzuarrek gainerakoek baino askoz gehiago bereizten dute: Bizkaian 15 kilo baino ez du bereizten herritar bakoitzak; Araban 20 kilo eta Gipuzkoan 28 kilo. Papera eta kartoiari dagokionez, berriz, 2017an, guztira, 395.380 kilo jaso ziren, hots, aurreko urtean baino %4,37 gehiago, herritar bakoitzeko 38,9 kilo (2016an baino %2,28 gehiago). Kasu honetan ere, oiartzuarrek gainerakoek baino askoz gehiago bereizten dute: Gipuzkoan 15 kilo biltzen da herritar bakoitzeko eta, Araban eta Bizkaian 13 kilo baino gutxiago herritar bakoitzeko.
Ecoembesek gaikako bilketaren kalitatea ere neurtu du eta Oiartzungo inpropioen -frakzio horri ez dagokion hondakina da inpropioa- kopurua baxua dela adierazten da, %12,28 besterik ez. Gainera, azken bi urteetako joera apurtu eta 2017. urtean nabarmen egin du behera.
Esan bezala, ontzi arin eta, papera eta kartoi asko biltzne dugu Oiartzunen eta horrek errefusean hondakin birziklagarriak gutxi direla adierazten du. Hala ere, hondakin gutxiago sortzea da helburuetako bat, eta horretarako, ontzi arin eta, papera eta kartoi gutxiago sortzea ere ezinbestekoa da. Beraz, erosketak egitean hori kontuan hartzea gomendatzen du Udalak.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika