1936ko uztailean atxilotutako udalbatzako kideen memoria berreskuratu eta egia aldarrikatu nahi dugu frankistek Oiartzun hartu zuten 82. urteurrenean

Gaurko egunez, duela 82 urte (1936an), tropa frankistek Oiartzun hartu zuten, Beorlegi eta Ortiz de Zarate koronelen agindupean. Beorlegiren tropak hilaren 23tik Arrakuslarren zeuden, Nafarroatik Karrikan barrena sartuta, eta 27an, Ortiz de Zarateren tropak  heldu ziren, Lesakatik Ergoienera sartuta. Egun honetan, orduko udalbatzako kide ziren Feliziano Belderrein Agirre EAJko alkatea eta zazpi zinegotzi abertzale atxilotu zituzten: Leontzio Aranburu Agirre; Manuel Irigoien Mitxelena; Segundo Berrondo Retegi; Jeronimo Ugaldebere Labandibar; Esteban Goienetxe Arozena; Luziano Aristizabal Etxeberria eta Jose Ignazio Odriozola Oiartzabal.

Guztiak giltzapetu zituzten Iruñeako San Cristobal gotorlekuan eta, Aranburu eta Irigoien fusilatuta hil zituzten, baita Berrondoren semea ere, aitaren bila joan eta etxean aurkitu ez zutenean.

Data hau gogora ekartzeko, memoria, egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko, eta halakorik berriz ez gertatzearen bermearen aldeko aldarrikapena dago egun hauetan udaletxeko balkoian.

Gehigarriak

1936ko uztailean atxilotutako udalbatzako kideen memoria berreskuratu eta egia aldarrikatu nahi dugu frankistek Oiartzun hartu zuten 82. urteurrenean