Arditurri, 10 urte meategien eta Aiako Harrien altxorrak erakusten

Arditurriko Interpretazio Zentroak 2008ko ekainean ireki zituen ateak

2008ko ekainaren 1ean ireki zituen ateak Arditurriko Interpretazio Zentroak. Ordutik, 142.654 lagunek (2017ko abenduaren 31 arteko datua) baino gehiagok bisitatu dute gutxienez erromatar garaitik datatutako aztarnak dituen meatze eremua.

1984an bukatu zen Compañía Asturiana de Minas-en aktibitate ekonomiko industriala Arditurrin. 1999an erosi zion Udalak eremua Asturiana de Zinc enpresari. Lau urte lehenago, 1995ean, Aiako Harria Parke Naturala sortu zen eta Arditurriko eremu osoa bere baitan babestu zuen. Sorrera hartan, Aiako Harriaren etorkizuneko Interpretazio Zentroa jartzeko toki aproposena Arditurri zela ondorioztatu zen, baina jabetzarik gabe, ezinezkoa zen.

Arditurriko meategien historia

Nahiz eta arkeologoek uste ziurrenik lehenago ere meatzaritza egon bazegoela Arditurrin, frogatuta dagoena da duela 2.000 urte erromatarrek ustiatzen zutela; Kristo Ondorengo I. mendea baino pixka bat lehenagotik, alegia. Uste da erromatarrak ez zirela kasualitatez iritsi Oiartzunera, meatzaritza aztarnek ekarri zituztela baizik, baina oraindik froga ziurrik ez da topatu erromatarren aurreko meatzaritza ustiapena baieztatzen duenik.

Arkeologoen estimazioaren arabera, bi mendez ustiatu zuten Arditurri erromatarrek. "Erromatar garaia eta gero, hurrengo aipamen dokumentatua XI-XII. mende ingurukoa da. Hortik aurrerako dokumentuak badauzkagu. Tartean zer gertatu zen indusketen bidez jakiten da eta beti ez da erraza izaten. Baina uste da Arditurriko meategiak ia-ia etenik gabe aritu zirela lanean", azaltzen du Itsaso Aritzeta, Arditurriko gidak. Aktibitate industrial handiko eremua izan da Arditurri mende luzetan. Ez soilik meategiengatik. Eremu horretan burdinolak ere ugariak ziren garai batean.

Garai industrialari dagokio heldu zaigun informazio ugariena. Sein familiarekin hasi zen garai horretako Arditurriko ustiapena, baina urte garrantzitsuenak Chavarri anaien gidaritzapekoak izan ziren: XX. mende hasieran 400 langile inguru aritzen ziren lanean Arditurrin.

Ferrokarrila eraikitzeko erabakia orduan hartu zen. "Inbertsio hori egiteko, ustiaketa handia zela argi dago". Dokumentazioaren arabera, 120 milioi tonelada material atera ziren Arditurriko meatzeetatik jardunean aritu zen azkeneko 100 urteetan. 1984an itxi zenean, 90 bat langile aritzen ziren bertan.

Altxor baten jendarteratzea

2006an, Arkeolan eta Felix Ugarte Elkarteko kideek Arditurri balorean jarri eta jendeari erakusteko moduan jartzeko proposamena egin zuten, "altxor bat" zela argudiatuta. Ondoren, Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Mendi sailaren hitzarmena tarteko, bi milioi € inbertitu ziren Arditurri eremuan Parketxea, museoa eta meategi zati bat irekitzeko. Udalak OTASA elkarte anonimoa sortu zuen garai hartan. Gaur egun, OTASAk Arditurri museoko bisita gidatuak eskaini eta beharezko mantenu lanez eta inbertsioez arduratzen da.

Hamar urte hauetan, Arditurriko eremua osatu egin da. Bi urtez (2009-2010ean), Arkeolan indusketak egiten aritu zen gaur egun sakoneko bisitako pasarela den eremuan. Arkeologoak lanean ziharduten eremua bisitatzeko aukera eskaini zen urte haietan. Felix Ugarteko espeleologoek ere indusketak egin zituzten.

Indusketak bukatutakoan, eremu hori ikusgai jartzeko lanak egin zituen Udalak, bi fasetan: lehenengo eskailera egin zen goiko eta beheko maila lotzeko. Horrekin batera, kanpoko eremuan segurtasuna bermatzeko lanak egin eta kargatzeko eremua errekuperatu zen. Bigarren fasean, sakoneko meategiari irteera berria eman eta legeak eskatzen zituen irisgarritasun zein segurtasun neurriak egin ziren.

Lan horien ondorioz, gaur egun 500 metro bisitatu daitezke (goiko pasarelan 200 metro eta beheko pasarelan beste 300).

2009ko abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiak; parke naturalak zituzten Oiartzun, Aia, Ataun eta Oñatiko udalerriak, eta Kutxa Fundazioak Gipuzkoako Parketxe Sarea (GPS) sortu zuten. Gerora, Zegama ere batu zen Fundaziora. "Gipuzkoako kultur-paisaiak eta natura edonoren eskura jarri nahi izan zen, kaletik mendirako bidea erraztu ezagutza orekatu dadin, garena eta duguna gehiago estimatu dezagun eta gure ondare diren natura eta nortasuna babesteko", azaldu du Luis Mari Zaldua GPS-ko zuzendariak. "Gizakiaren eta naturaren arteko harreman historikoaren emaitza dira kultur-paisaiak", zehaztu du.

Meategietako bisitak

Kristina Brit OTASAko idazkariak dionez, "bisitari kopurua pixkanaka-pixkanaka goraka doa". Aritzeta Artelatzeko gidariak azaltzen duenez, "kopuruetan, ziurrenik, oinarrizko bisita izango da gehien egiten dena, eskola talde dexente etortzen zaizkigulako. Baina ikasleak kenduta, sakonekoa erakargarriagoa da. Asko, oinarrizko bisita egin ondoren sakonekoa egitera bueltatzen dira".

Oinarrizko bisitak ordubete irauten du eta sakonekoak, ordu eta laurden. Bietan, erromatarren garaitik hasten dira Arditurriko gidarien azalpenak. "Astez, ikasturtean zehar bisita gehienak eskolenak izaten dira. Asteburuetan, berriz, beste mota bateko bisitariak izaten ditugu. Dinamika erabat ezberdina da: hitz egiteko modua aldatzen da, bisita eta azalpen berdinak izanagatik ere. Egokitu behar duzu, ez da gauza bera 20 umeko talde batekin aritzea edo 20ko talde familiar batekin".

Arditurriko bisitarien profila oso anitza da. Bisitari gehienak Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik etortzen dira, eta ondoren, Madril tea Herrialde Katalanetatik.

Egun bereziek, harrera ona

Hala ere, metagien bisita baino askoz gehiago eskaintzen du Arditurrik. Ekintza bereziak antolatzen dira "kultura eta natura balioan jartzeko": Bide Berdeak eta Arditurri Eguna (biak 2011tik ospatzen dira); txondorra (2012tik 2016ra egin zena); erakusketak (iaz XX. mende hasierako argazki originalak eskuratu zituen Udalak eta urria arte, 70. hamarkadako Arditurriri buruzkoa dago ikusgai); argazki-ikastaroak; txori-kanten tailerrak; hegazti-askatzeak...

Antolatzen diren ekintza bereziek harrera oso ona izaten dutela baieztatzen du Aritzetak. Behemendiren Tren Berdea ere joaten da tarteka Arditurrira, osagarri gisa. "Egun berezi gisa antolatzen dugu eta oso arrakastatsua izaten da". Aurten, esaterako, abuztuko asteazken guztietan izango da aukera Tren Berdean Arditurrira joateko.

Langileei, aitortza

Langileak presente izaten eta omentzen saiatu da Udala Arditurri jendaurrera ireki zenetik. 2008ko maiatzaren 30eko inaugurazio ofizialean, Joxepa Oiartzabal eta Pierre Elizondo ama-semeek ireki zituzten meategiko ateak; urte askoan Arditurriko langile izan ziren biak. "Langileak errekonozituak sentitzen direnean gustura hartzen dituzte ekimenak. Arditurriren figura turistikoa herritarrengan txertatzea kosta egin da bere garaian itxiera traumatikoa izan zelako. Auzo oso bateko gizonak lanik gabe geratu ziren: batzuek Asturiasera joan behar izan zuten, beste batzuk lanik gabe geratu ziren... Horren ondoren, Arditurri balioan jartzea zenbaitentzako ez zen erraza izan. Horregatik, administrazioak aitortzea egitea estimatu egiten dute".

Aurreko abenduan, argazki erakusketaren inauguraziora langile izandakoak gonbidatu ziren. "Giza irudiak faltan sumatzen ditugu Arditurrin; bestelako datu asko ditugu baina alde humanoa falta zaigu", dio Britek.

"Arditurri Egunak, Bide Berdeenak... ekintza herrikoiak egitearen poderioz, txertatzen joan da Arditurri oiartzuarren altxorra dela. Baina, hasiera batean, bazeuden zalantzak. Aldatu da ikuspegia: orain, kanpotik norbait etortzean Arditurri erakusten diote oiartzuarrek".

Etorkizuneko asmoak

Aiako Harria eta Aiako Harria Parke Naturala ezagunak direla uste dute Britek eta Aritzetak, baina meategiak oraindik ezezagunak direla: "Jendea harrituta geratzen da bisita egin ondoren". Maiz gertatzen da etxekoa ez dugula ezagutzen eta urrutitik etortzen zaizkigula dugun hau ezagutzera: Mexikoko Guanajuato estatuko turismo ordezkaritza eta Asturiastik etorri izan baitira Arditurri ezagutu eta eredutzat hartzera. 

"Iaz sortu zen Burdinaren Bidea erakundearen barruan sartu gara. Pirinioen bi aldeetan burdinaren ustiaketa egon zen tokietako errekurtso turistikoak indartzeko eta batzeko helburua du, publizitate mailan katea sortzeko eta elkarlanerako".

Gipuzkoa mailan, Bide Berdeen sarea osatzeko prozesua martxan da, eta Arditurri ere bertan dago. Bide Berdeak garai batean trenbide izan eta gaur egun oinezko edo txirrindularientzako berreskuratutako bideak dira. Datorren urteari begira, Bide Berdeen Eguna dataz eta formatuz aldatzeko asmoa dute Udalak eta GPS-k: orain arte irailean, Mugikortasun Astearen barruan ospatu izan da, baina 2019tik aurrera Bide Berdeen Egunarekin uztartuko da, maiatza hasieran.

Arditurriko Bide Berdea irisgarritasun egokiaren ikur bihurtzea da etorkizunari begira dagoen erronka nagusietako bat: "Sakontzeko, inguruko zerbitzuak ere egokitzea landu behar da, horretarako bideak bilatuta", dio Britek. "Meategia bera egokituta dago, egin izan ditugu gurpildun aulkian oinarrizko bisitak", kontatu du Aritzetak.

Bide horretan, itsutasuna, gortasuna... edo bestelako murriztausnak dituztenek bisita egokituak eskaintzea da hurrengo erronketako bat (itsuekin egin izan dira). Baina, "zenbaitetan, ez dira guk bezain azkarrak izaten pausoak", dio Britek. Oraindik, ibilbide luzea du egiteko Arditurrik.

INFORMAZIO PRAKTIKOA:

Telefonoa: 943 49 50 69/943 49 42 48

E-maila: arditurri@gipuzkoamendizmendi.net

Webgunea: www.arditurri.com 

Gehigarriak

Arditurri, 10 urte meategien eta Aiako Harrien altxorrak erakusten