Osasun Pastoralak jaso du herriaren omenaldia

Kultur ekitaldi jendetsua izan zen atzo

Xanistebanetako kultur ekitaldia izan zen atzo, herriko festen iragarle. Lartaungo txistularien doinuen laguntzarekin, Josune Cousillas eta Ioritz Aizpuru zinegotziek egin zituzten aurkezle lanak. 

Hasierako hitzak Jexux Leonet alkatearenak izan ziren: "Oiartzun herri aktiboa da eta hori da herri honen gauzarik politenetakoa. Kultura arloan ere halaxe da". Bukatzeko, dagoeneko ohiko bihurtu den esaldia bota zuen: "Bi aukera dituzue xanistebanetan: ongi pasatu edo ongi pasatu!".

Aurten 25 urte bete dira Udala Mugarri publikatzen hasi zela. Aurten Pilota Oiartzunen. Pilotasorotik Madalensorora Antton Kazabonek, Anton Mendizabalek, Joxemari Mitxelenak eta Joxan Unsainek ondu dute eta pilotaren Oiartzungo historia bildu dute. Unsainek adierazi zuenez, "pilotasoroa, Kontzejupea, pilota plaza duin bat... eta modalitate ia guztietan jokatu duten pilotariak ditu Oiartzunek; herri gutxik esan dezakete hori". Etorkizunera begira ere jarri zen, "aniztasuna mantentzea erronka handia" dela esanez. Kazabonek gehitu zuenez, "nik asko ikasi dut liburu hau egiten eta espero dut zuek ere hala egitea". Aurreratu zutenez, udazkenean liburuaren aurkezpen luzeagoa eta pilota-jaialdia antolatuko dituzte.

Pilotarekin lotua dago aurtengo xanistebanetako ekitaldia. Raketistei buruzko erakusketa inauguratzeaz Raketistak Lehen eta Orain Elkarteko Jon Juanes arduratu zen, Koro Iragorri raketista oiartzuarra zenaren semea. "Galdera bat egin nahi nuke: horrleako pilota-kultura izanda, nolatan ez dugu aukera izan modalitate hau berreskuratzeko?". Bihar, abuztuak 3, 12:15ean bisita gidatua izango da erakusketan.

Oiartzun 2018 urtekariaren 48. urteurrena izan da aurtengo edizioa eta Jexux Isasa Baleioko semea izan da elkarrizketatu nagusia. Xanistebanetako kartel lehiaketako irabazleek ere atzo jaso zituzten zegozkien sariak.

Omenaldian, zaintza lanen errekonozimendua

Atzoko protagonista nagusiak Osasun Pastoraleko kideak izan ziren. Koro Labandibar taldearen sortzaile eta kideetako batek hartu zuen hitza. Onartu zuen "harrituta" hartu zutela omenduak izango zirenaren berria, "baina oso pozik eta hunkituta" zeudela herriaren aitortzarengatik. Oholtzara gaur egun taldean dabiltzan zortzi emakumeak igo ziren: Labandibar bera; Txaro Cerezo; Kontxi Erize; Milagros Garaño; Pili Gerendiain; Begoña Goñi; Arantxa Madariaga eta Maite Sarasti.

Udalak, atzoko ekitaldian, 21 urte hauetan Petra Lekuona zaharren egoitzako egoiliarrak bisitatuz eta haientzako ekintzak antolatuz egin duten akonpainamendu eta zaintza lan bolondresa gizarteratu eta balorean jarri nahi izan du. Gehienetan, emakumeen esku geratzen dira zaintza lanak oraindik ere; "zer pentsatua eman beharko liguke", gehitu zuen Leonet alkateak.

Herriko kultur-bizitzaren elkargune

Herri bizitzaren adierazle garrantzitsua izan da xanistebanetako kultur ekitaldia, Oiartzungo kultur eragileak, elkarteetako ordezkariak eta udal ordezkariak batzen dituena. Atzoko ekitaldian izan ziren Xabier Iragorri eta Aiora Perez de San Roman alkate ohiak; Joxe Mari Isasa margolaria; Imanol Irigoien poeta; Xabier Landa, eta Asier Legorburu zinegotzi ohiak; Aritz Gonzalez Haurtzaro Ikastolako zuzendaria eta Arantza Manterola lehendakari ohia; Aldeguna elkarteko, Lartaun abesbatzako eta Petra Lekuona zaharren egoitzako ordezkaritza; Alaitz Bergaretxe eta Mari Karmen Lekuona omendu izandakoak; Jaione Ugaldebere eta Joxe Mari Sanzberro Urtekari Batzordeko kide eta kide ohia... 

 

Gehigarriak

Osasun Pastoralak jaso du herriaren omenaldia