Oiartzungo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du

Erantzukizunez eta eredugarritasunez parte hartzeko konpromisoa hartu du

Oiartzungo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du, uztaileko udalbatzarrean ahobatez onartu zen adierazpen baten bidez. Erakunde gisa erantzukizunez eta eredugarri jokatzeko konpromisoa hartu dute Udalak erakunde gisa eta zinegotziek, eta oiartzuarrak Euskaraldiarekin bat egitera gonbidatu dituzte.

Azken neurketek baieztatu dutenez, euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen ari da Euskal  Herrian. Euskaraz hitz egiteko gai den jende gehiago dago,  eta euskara ulertzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Bi datu horiek aditzera ematen digutenez, euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daude.

Euskaraldia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak eta Topaguneak hainbat eragilerekin elkarlanean abian jarri duten ekimena da. Ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko garaia da, euskararen alde egotetik egiteko gara.  

Oiartzunen biztanleriaren %76,25 euskalduna da eta %11,18 gehiago euskara ulertzen du. Adminsitrazioari dagokionez, Oiartzungo ordezkari politikoen %100 gai da euskaraz hitz egiteko eta udal langile publiko guztiak ere bai.

Baina erabilera datuek diote Oiartzunen euskararen kale-erabilera %58,8koa dela. Badugu non hobetu, eta horretan lagunduko du Euskaraldiak. Oiartzunen erabileran eragiteko baldintza soziolinguistiko egokiak ditugu. Horrek ardura eta erantzukizun berezia ematen digu Euskaraldian.

Euskaraldia Euskal Herri osoan egingo den arren tokian tokiko euskaltzale eta erakundeak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak. Oiartzunen, iazko abenduan Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak, Udalak eta herriko euskaltzaleek martxan jarritako Konpromisotik a(D/R)itzera egitasmoari jarraipena emango diogu Euskaraldiarekin.

Konpromisotik a(D/R)itzera ekimenean bezala, Euskaraldian 11 egunetan hitzkuntza-praktika aktiboa gauzatzera gonbidatuko ditugu 16 urtetik gorako herritarrak. 11 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa egitea da proposamena, ahobizi edo belarriprest izanda.

Ahobiziek euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek solaskideak gonbidatuko dituzte berarekin euskaraz aritzera, nahiz eta belarriprestak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ekimenaren helburua da ariketa horren bidez ikusaraztea eta biziaraztea hizkuntza-ohiturak alda ditzakegula eta, ahal dela, 11 egun horiek pasa ostean, horiei eustea. Hori, norberaren erabakiak errespetatuz, adeitasunez eta guztiak eroso sentitzeko moduan.

Horregatik guztiagatik:

- Oiartzungo udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du.

- Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta, bereziki, udal barruan ekimena zabaltzea. Ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan edo langileak izan.

- Ahobiziok euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen dugu.

- Belarriprestok gainerakoak gonbidatuko ditugu gurekin euskaraz egin dezaten, nahiz eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

- Oiartzungo Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.

- Oiartzungo Udalak, udal  barruan ez ezik udalerrian ere bai, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenetan parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

- Oiartzungo Udalak bat egiten du ekimena Gipuzkoan elkarrekin, elkarlanean eta batera garatzearekin, lurralde mailako politika bateratu bati begira, ahalik eta udal gehienetan, mankomunitateetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako Batzar Nagusian.

Gehigarriak

Oiartzungo Udalak Euskaraldiarekin bat egin du