Auzo guztietan batzartu dira Udala eta bizilagunak

Bukatzeko, datorren astean gazteekin izango da saioa

Atzo bukatu ziren aurtengo auzo batzarrak. Herriko zortzi auzoetako bizilagunekin elkartu da Gobernu Taldea. 134 herritarrek hartu dute parte antolatutako saioetan (%51,49 emakumeak eta %48,51 gizonak), eta horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udalak izandako jarrera parte-hartzaile eta eraikitzailearengatik.

Udalak 2019ko aurrekontu proposamena erakusteko aukera izan du, baita legegintzaldiko balorazio orokorra partekatzekoa ere. Era berean, auzoetan egindako lanen errepasoa egin, proposamen berriak aurkeztu eta auzotarren iritziak, eskaerak... jasotzeko tartea izan da saio guztietan.

Auzo batzar guztietako aktak www.oiartzun.eus webguneko Udala saileko AUZOAK atalean daude irakurgai. Udalak auzoetan egin duen aurkezpen orokorra ere bertan dute interesa duten oiartzuarrek.

Azken saioa, gazteekin

Parte-hartze saioekin bukatzeko, datorren ostegunean (hilak 18) herriko gazteekin bilduko da Udala, Oiartzungo gazteek dituzten kezkak entzuteko.

Luntx ttiki baten bueltan izango da saioa 19:30ean Kataxulo gaztetxian. Formatu dinamikoa izango du eta saioa irekia da.

Besteak beste, Udalak herriko gazteen esku utziko du 2019ko aurrekontuetan Gazte Politikako 5.000 € zertara bideratu erabakitzeko aukera.

Iaz Udalak eta gazteek lehenengoz batzarra egin zuten. Udalak oso esperientzia positiboa izan zela iritzi zuen, eta bildu ziren gazteek ere positiboki baloratu zuten saioa. Hori dela eta, berriz ere gazteekin saio berezi bat antolatzea erabaki du Udalak, udalgintzan eta herrigintzan ere gazte perspektiba txertatzea ezinbestekoa baita.

Gehigarriak

Auzo guztietan batzartu dira Udala eta bizilagunak