Ikasleek aurreko ikasturtean zaratari buruz egindako eskaerak erantzun ditu Udalak

Joan den ikasturte bukaeran antolatutako udalbatza berezian Oiartzungo Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek zarata, eskola eremuan nahiz herrian, gutxitzeko konpromisoak eskatu zizkioten Udalari, besteak beste: errespetuz eta doinu egokian hitz egiteko saiatuko gara, ez oihukatuz; ikasleak gelan daudenean ikasteko eta jolastkeo giro atsegina eta lasaia lortzeko ahalegina egingo dute (ez dira paretetan edo lurrean golpeka ibiliko, baxuago mintzatuko dira, gelan txukundu eta jasotzeko orduan denean builaka eta golpeka ibiltzea saihestuko dute); hitz egiten ari dena entzungo dute eta hitz egiteko txandak errespetatuzko dituzte, baita taldeko lana egin behar dutenean ere; musika doinu egokian jarriko dute (ondoan dauden geletako ikaskideen lasaitasuna ez eragozteko); gelaz gain, ikastetxeko gainerako eremuetan lasai ibiliko dira iskanbilarik sortu gabe (jangelan, korridoreetan, atarian, eskaileretan, sartu-irteera orduetan, psikomotrizitate-gelan, informatika-gelan...); Oinbusa ekimenean partaide gehiago lortzeko lan egitea (hau da, ikastetxetik eskolara oinez joateko egitasmoan parte hartzeko konpromisoa).

Eskaerei dagokionez, Udaleko ordezkariek eskaera hauek aztertu dituzte eta gaur ospatutako udalbatzan horietako bakoitza banan-banan erantzun dute. Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programan parte hartzen duten 1.400 bat ikasleen ordezkaritza batek udaletxeko pleno aretoan adi-adi entzun ditu Ander Santesteban Mendi-Ingurumen teknikariak eta Eneritz Arbelaitz alkateordeak eman dituzten azalepnak. Besteak beste, honakoa jakinarazi diete:

- Iaz, 2017ko ekainean, Oiartzungo Udalak zarata-mapen bidez Oiartzungo zarataren diagnostikoa egin zuen eta horren bidez, Oiartzungo kutsadura akustikoa sortzen duten foku nagusiak identifikatu ahal izan ziren. Hurrengo pausoa helburuak zehaztu eta horietako bakoitza lortzera bideratutako neurriak bilduko dituen plana idaztea izango da.

- Zarata eta dardaren aurkako udal ordenantza berria idaztea (indarrean dagoena zaharkituta dago).

- Oiartzungo Udalak mugikortasunean eragina duten neurriak hartzen jarraitzen du. Besteka beste, oinezkoen eremuak zabalduz (berriki Lintzirin poligonoan espaloi berri bat egin da oinezkoak Lintzirinen bertan hobeto mugitu daitezen eta Arragua auzotik Lintzirinera joatea erosoagoa izan dadin. Espaloiak berritu dira Altzibar sarreran edota Legarreko aldapan. Gainera, Legarren baranda bat jarri da oineskoei laguntzeko. Bidegorri-sarea ere zabaltzen joatea (hori dela eta, Altzibar eta Karrika arteko bidegorria egiten hasiko da laster).

- Kotxe elektrikoaren onurak herritarrei zabaltzeko helburuarekin taxibus zerbitzua (Ergoien, Karrika eta Gurutze auzoetara heltzen den garraio publiko zerbitzua) auto elektrikoarekin ematen hasi da. Ibilgailu elektrikoekin klima-aldaketan eta ingurumenarengan eragiten duten gas kutsakor gutxiago botatzen dira atmosferara.

- Zaratak sortzen dituen osasun-arazoen inguruan herritarrak eta beste sektoreak (lantokiak, taberna...) sentikortzeko komunikazio-ekintza aurrera eramatea.

Dagoeneko eskarmentua dugu Oiartzunen, izan aure, aurtengoa 15. ikasturtea da Oiartzungo ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena.  Dagoeneko ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, zarata eta elikadura bezalako gaiak aztertu dituzte ikasleek eta, bai eskolan, herrian, zein etxean hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan KLIMA ALDAKETA lantzen hasi dira ikastetxeetan eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2019ko maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

 

Gehigarriak

Ikasleek aurreko ikasturtean zaratari buruz egindako eskaerak erantzun ditu Udalak