Herriko bi presoen urruntzea salatu du Udalak, ahobatez

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planari alegazioak jarri dizkio Udalak

Oiartzungo Sarek presoen urruntzea salatzeko udaletxera ekarritako mozioa onartu dute gaur urriko ohiko udalbatzarrean EH Bilduko Gobernu Taldeak eta EAJk, ahobatez. Herriko bi presoak, Iban Apaolaza eta Joanes Larretxea, Granadan eta Ciudad Realen urrunduak daudela gogora ekarri du mozioak.

Oarsoaldeko Taxi Batzordeak 2019rako adostutako tarifak onartu ditu Oiartzungo Udalak ere. Gipuzkoako taxilarien prezioak  berdintzeko, bataz bestekotik duten diferentziaren arabera aplikatuko zaie KPIa eskualdeko tarifei.

Gipuzkoako Hiri Hondakinen Gestio Planari alegazioak forma eta edukien inguruan

Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gestio Planari (2019-2030) alegazioak jarri dizkio OIartzungo Udalak, Gobernu Taldearen aldeko botoekin. Forma eta eduki aldetik dauden hutsuneengatik erabaki du Oiartzunek alegatzea. Batetik, "Plana jendaurrean udan jartzea udalen eta elkarteen parte-hartzea zailtzeko" estrategia izan dela salatu du Eneritz Arbelaitz Oiartzuek San Markos Mankomunitatean duen ordezkari eta alkateordeak. Honez gain, Oiartzungo Udalak jendaurreko epeak legea ez zuela betetzen egindako oharrarengatik astebete luzatu zutela epe hori ere azaldu du.

Edukiaren inguruan, berriz, "Plan honen helburu bakarra dagoeneko erabakita dauden planta batzuk garatzea" dela esan du Arbelaitzek, "Europako zuzentarauak eta Gipuzkoako herrietako errealitatea kontuan hartu gabe". Hondakinen gaia "denona" dela ere ekarri du akordua, "denok sortzen ditugu hondakinak eta denok dugu ardura", horregatik, udalen zein elkarteen parte-hartzea bermatzeko eskatu du Oiartzungo Udalak. Bitartean, Plana bertan behera uzteko eskatu du.

Iraileko protokolo gastua 2.420 € izan zen (lore-sorta, garaikur, luntx eta otordutan) . Urrikoa 92,25 € izan da, luntx eta otorduetan.