Altzibar eta Ugaldetxo arteko bidegorrian argiteria aldatzeko hitzarmena onartu da

Pikabenen 10.300 m2ko eremua Udalarena izatera pasatu da

Martxoko ohiko udalbatzarra izan zen atzo. Ahobatez onartu ziren gai guztiak. Horien artean, Altzibar eta Ugaldetxo arteko bidegorri zatian argiteria berritzeko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena. Lanek 404.808 €ko aurreikuspena dute. Hitzarmenari esker, Aldundiak lanen kostuaren %35a finantzatuko du (145.000 €). Gainerakoa, Udalak bere gain hartuko du.

Bestalde, Oiartzungo Flauta Taldea eta Oidultz elkarteek euren jarduera musikala garatzeko Madalensoron lokal bat utziko zaie launa urterako eta Oiartzungo Flauta Taldeak 5.600 € ere jasoko ditu aurten antolatuko dituen ekitaldiak aurrera ateratzeko.

Xorrola herri barruko autobus zerbitzuaren kontratazio-espedientea martxan jartzea ere onartu zen. Bost urterako esleipena izango da. Enpresek 35 eguneko epea izango dute proposamenak aurkezteko behin kontratazio-espedientea argitaratu ondoren.

Hirigintza arloari dagokionez, Udalak Pikabene etxadian 10.370 m2ko eremua zesioan hartzea onartu zuen atzo, jabetza eta erabilera publikoa izango du eremu horrek. Pikabeneko 35 etxejabeek dohainik eman diote eremuaren jabetza Udalari.

Bestetik, ELI3C eremuan (Mosa ingurua) egin diren urbanizazio lanen harrera Iberdrolak inguru horretan egin behar dituen lanen ondoren egitea onartu zen. 

Martxoko protokolo gastua 0 € izan da.