Txori kantuak ezagutzeko bisita gidatua Arditurrin

Larunbateko saioan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da

Udaberria da zalantzarik gabe garairik aproposena gure inguruan bizi diren hegaztiak ezagutzeko, esaterako, kukua. Abestiak dioen bezala: "Udaberrian kantuz, Kuku jaunak kuku". Baina kukua ote da udaberrian abesten duen hegazti bakarra? Izan ere, mendian ibiltzen garenean kantu ugari entzuten ditugu, baina gutxitan dakigu zein hegaztiri dagozkion. Zalantza horiek guztiak argitu ahal izango dira Parketxe Saretik antolatu dugun egun berezi honetan.

Txori kantuak ezagutzeko ibilaldia apirilaren 13an izango da, larunbatez, Aiako Harria Natura Parkean. Bidean gure inguruko txoriak ezagutzen lagunduko duten azalpenak emango ditu Arkamukako Natur Taldeko Eneko Azkuek, jarduera berezi honen gidariak.

Zailtasunik gabeko ibilaldia goizeko 10:00etan abiatuko da Arditurriko Parketxetik eta bi ordu inguru iraungo du. Bisitak 5 €ko prezioa izango du eta adin guztietako herritarrei zuzendua dago. Aurretik erreserba egitea beharrezkoa da, plaza mugatuak baitaude. Bestalde, bisita egunean bertan, txoriak ikusi ahal izateko, prismatikoak ekartzea lagungarria izan daiteke.

Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko:

943 49 50 69/688 89 50 68

arditurria@gipuzkoamendizmendi.net

www.parketxesarea.org

Gehigarriak

Txori kantuak ezagutzeko bisita gidatua Arditurrin