Juansendo errota zenaren harria, Udalak jasota izan duena orain arte, Arditurriko bidegorri ondoan kokatu da, Yurrita errotaren parean (Ugaldetxo).
Ondarearen Mahaiarekin elkarlanean erabaki du Udalak errotarria kalera ateratzea, gure herriko ondarea sozializatzeko eta garai batean hain garrantzitsuak izan ziren erroten jarduna balorean jartzeko. Juansendoko errotarriz gain, Yurrita errotari buruzko panel informatiboa ere kokatu da toki berean.
Juansendo errotaren historia
Juansendo errota Ugaldetxon zegoen, gaur egun Mamut merkatal gunea dagoen eremuna. XVII. mendean sortu zela uste da, Yurrita Juan Sendorena etxearen aipamenak baitaude 1625erako. Juansendo errota urte batzuk beranduago etxe horretakoek sortu zutela uste da. 1738an badugu Juansendo errotaren erreferentzia ofiziala. 1882an salmentara atera ziren Juansendo baserria eta errota, 27.978 pezetatan tasatuta.
1890eko erroldaren arabera, Francisco Etxebeste Mugika eta Nicolas Goya Etxebeste bizi ziren bertan (garai hartako erroldan emakumeak eta umeak ez ziren agertzen). 1927an, errotaren jabetza Maria Etxebesterena zen (Franciscoren alaba, ziurrenik). Maria Etxebeste izan zen 1942an errotaren ustiapena erregistratu zuena, 1964 arte.
Eldotz errekako urak hartzen zituen Juansendoko errotak 200 litro segundoko emaria zeukan, 210 metroko kanala eta presaren jauziak bi metroko altuera hartzen zuen. Mamut merkatalgunea eraiki zenean eraitsi ziren Juansendo baserria eta errota.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika