Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde eskolan ere egingo dira saioak
Herriko hezkuntza komunitatean hezkidetza lehentasun estrategikoa izan dadin eta antolaketarako ildoak eman asmoz, formakuntza eskaintzen ari da Udaleko Feminismo saila ikastetxeetan. Hori dela eta, Urmendi Haur Eskolako langile guztiek (zuzendaritza, irakasleak eta sukaldariak) hamar orduko formakuntza jaso dute irailetik azaroa bitartean, Eider Goiburu hezitzailearekin.
Herriko beste ikastetxeetan ere formakuntza eskaini du Udalak: Haurtzaro Ikastolan dagoeneko formakuntza jaso dute zuzendaritza taldeak eta ziklo ezberdinetako hezkidetza lantaldeko irakasleek. Elizalde Herri Eskolan eta Elizalde Institutuan ere hezkidetzako formakuntza egiteko aukera eskaini du Udalak, hezkidetzaren gaia ildo berean lantzeko eta txertatzeko. Formakuntza antolatzen ari dira momentu honetan Udala eta ikastetxeak.
Oiartzunen hezkuntza formalean aritzen diren profesionalak hezkidetzan trebatzeak -hezkidetza zer den jakitea, zertan eragiten duen...- garrantzitsua da, baloreak transmititzen dizkietelako Oiartzungo haur eta gazteei.
Ikastetxe bakoitzak bere Hezkidetza Plangintza osatzea ahalbidetu nahi du Udalak. Horretarako, Udalaren eta hezkuntza eragileen arteko elkarlanari esker, formakuntza izango da lehenengo urratsa. Udalak motor lana egingo du hezkidetzarekin herriko hezkuntza komunitatearen konpromisoa bilatzeko.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika