Olaia Lasa, Gizarte-Ongizate zinegotzia: Jakitea herritar talde handi bat dagoela laguntzeko prest, ikaragarria da

COVID-19arengatik salbuespenezko larrialdi egoeran gaude. Olaia Lasa Olaziregi Gizarte-Ongizate zinegotziak azaldu digu zer eragin izan duen egoera berri honek Gizarte-Ongizate sailaren barruan eta zertan ari diren.

 

Salbuespenezko larrialdi egoera honek inpaktu zuzena izan du Gizarte-Ongizate sailean. Asko aldatu al da sailaren lanerako modua azken egun hauetan?

Guztia aldatu behar izan dugu. Adibidez, arreta zuzena ez dugu ematen, telefonikoki ari gara jendea artatzen. Honez gain, egoera berriak sortzen ari dira eta egunean egunekoari erantzun berriak ematen gabiltza.

Gizate-Ongizate zerbitzuak arreta zuzenik ez du ematen joan den martxoaren 16tik. Hala ere, egoera larrienean dauden herritarrek zer jakin behar lukete momentu honetan?

Bertan gaudel beraien beharrei erantzuteko. Aurrez aurre artatu ezin baditugu ere, beti topatuko dute norbait telefonoaren bestaldean beren kezkei edota larritasunei erantzun bat ematen saiatzeko prest.

70 urtez goitiko herritar guztiei deitu diozue udaletxetik. Zein helbururekin?

Helburu ezberdinak geneuzkan: batetik, gure kezka eta gertutatasuna adieraztea. Benetan jakin nahi dugu gure herriko helduak zer moduz daramaten egoera berri hau. Bestalde, dei hauen bitartez detektatu nahi izan dugu laguntza behar izan dezakeen jendea. Erosketak egitera joateko zailtasunak dituena, bakarrik bizi dena eta konpainia beharra duena...

Udaletik zer eskaini zaie 3. adineko herritar horiei? Zer da beraien aldetik jaso duzuena?

Udaletik, eta baita herritarren aldetik ere, aurreikusten ziren behar nagusiak erosketak egiteko zailtasunak edota bakardade sentsazioak ziren, baina irekita geunden edozein egoera edota beharrekin topo egitera. Orokorrean, esan genezake Oiartzungo helduak sasoitsu daudela eta baita umoretsu ere. Gehiengoaren erantzuna horixe izan da, beren kabuz moldatzen direla edota badutela sarea beharrak asetzeko. Oso eskertuta azaldu dira kezka azaltzeagatik. Tartean, baziren tertulian aritzeko gogoz zeudenak ere eta haiekin istorioak kontatzen aritu gara.

Laguntza eskaera berezirik egon al da 3. adinekoen aldetik? Jarri al da martxan neurri berezirik Udaletik?

Izan dugu bakarrik egoteak eta kalera ezin irteteak triste egotera eramaten duela aitortu digunik. Bakardade hau arintze aldera, Oiartzunen sortu den OiartzunAurrea bolondres taldeko kide bati deitu zaio eta berak egunean pare bat aldiz deitzen dio tertulian aritzeko. Harreman berriak sortuko ditu egoera honek. Erosketak egiteko laguntza beharrean bat ere izan da, baina oraingoz etxez etxeko zerbitzuarekin asebete dugu behar hau.

Hala eta guztiz ere, eskertzeko da herritarrek azaldu duten borondatea eta grina besteei laguntzeko eta lanerako. Jakitea gure zerbitzuak ailegatuko ez balira ere herritar talde handi bat dagoela erantzuteko prest, ikaragarria da.

Ezgaitasuna duten pertsonen egoera berezia da eta Udalak jaso ditu kontsulta batzuk. Adibidez, baimendua dute kalera ateratzea. Zein neurri errespetatu behar dituzte?

Kontuan izan behar dugu edozeinentzako etxean egotea zaila bada, ezohiko egoeraren bat bizi dutenentzako are zailagoa dela, eramangaitza askotan. Dibertsitate funtzionalen bat duten pertsonek baimena dute kalera irteteko babes neurriak aintzakotzat hartuta, noski. Pertsona bakar batez lagunduta, etxe inguruan ibiliko dira eta denbora ahalik eta murritzenean. Hauek dira Udalean izan ditugun kontsultei eman diegun erantzuna. Kontsultaren bat ere izan dugu Udalak baimen-txartelik luzatuko ote duen. Udaltzainei abisua pasata dago eta erabaki da nahikoa dela pertsona honek bere dibertsitate funtzionala ziurtatzen duen agiria eskura izatearekin, bada ez bada.

Sare sozialetan irakurri dut hiriren batean autismoa duen haur batekin paseora atera eta jendeak balkoietatik irain egin dietela. Kontuan izan askotan ez dakigula bizilagunek zein egoera bizi duten eta epaitu aurretik informatu beharko ginateke.

Etxez etxeko zerbitzua bermatzen ari da eta bermatuko du Udalak. Hala ere, neurri batzuk hartu dira. Zeintzuk, erabiltzaileei dagokienez? Eta langileei dagokienez? 

Udala etxez etxeko gutxieneko zerbitzua eskaintzen ari da. Izan ere, etxez etxe artatzen ditugunak dira ahulenak birus honen aurrean eta babestu egin behar ditugu. Horregatik, langileen babes neurriak zorroztu ditugu: batetik beraiek babesteko eta, aldi berean, erabiltzaileak babesteko.

Kalean bizi den jendearekin neurri bereziak hartu al ditu Udalak?

Bi pertsona geneuzkan Oiartzunen kaleko egoeran eta gurekin elkarlanean, beren bidea eraikitzen hasiak ziren, baina egoera honek beren bizi baldintzak okertu ditu. Bietako bati Oartzunen bertan larrialdi pisu batean eman diogu irtenbidea eta bestea, berriz, Errenteriako Udalak martxan jarri duen aterpetxe batean dago.

Herritarrek elkarren zaintzarako zer egin dezakete?

Batak bestea zaintzeko beharrean gaude, gure ingurukoekin harremanak sendotu, telefonoz edota, aukera dutenek, teknologia berrien bideo-deien bidez. Gure helduei dagokienean, gainean egon, aiton-amona eta gurasoei egunero deitu, zer moduz dauden galdetu eta garrantzitsua da coronavirusa ez den gaiez, anekdotez... hitz egitea burua arintzeko.

Etxean geratzea da behin eta berriz jasotzen ari garen mezua, eta ezinbestekoa egoera honi buelta eman nahi badiogu, ezta?

Profesionalei entzun behar zaie, bakoitza berean da eta aditu, eta denek ikuspuntu bera dute kasu honetan. Egoera hau geratzeko, guk geratu behar dugu. Beraz, denak etxean goxo-goxo errutina batzuk markatu; kirola egin; yoga; meditazioa; irakurri; idatzi; dantzatu... Beti egin nahi izan dituzun eta tarterik hartu ez duzun gauza horiek egiteko momentua da hau.  

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Olaia Lasa, Gizarte-Ongizate zinegotzia: Jakitea herritar talde handi bat dagoela laguntzeko prest, ikaragarria da