Olga Leibar, Feminismo zinegotzia: Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako oso larria da konfinamendu egoera

COVID-19arengatik salbuespenezko larrialdi egoeran gaude. Olga Leibar Mendarte Feminismo zinegotziak, hala ere, mezu garbiak helarazi nahi ditu, batez ere indarkeria matxistaren inguruan.

 

Eragin handia izan al du krisi honek Feminismo sailean?

Bai, gure sailean ere eragina izaten ari da. Urteko plangintza eta helburuak berrantolatu beharrean gaude. Hainbat ekintza bertan behera geratu dira edo zintzilik, ondorioz, egutegi berri batean txertatzen ahaleginduko gara. Herriko eragileen arteko dinamikak ere zertxobait geldotu dira baina ez gaude ahaztuta eta lanean ari gara. Bestelako lanak normaltasunez ari gara egiten, etxetik era telematikoan ari gara lanean, sentsibilizazio lanez gain bestelako lanek ez dute etenik izan eta.

Indarkeria matxista bizi duten emakumeentzako bereziki larria da konfinamendu garaia. Feminismo sailetik gogora ekarri duzue laguntza eskatzeko telefonoa martxan dagoela, eta erabiltzeko, ezta?

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako eta beraien senideentzako oso larria da egoera. Ohiko baldintzetan bizi dutena gogorra bada, zer esanik ez orain, itxialdian. Datuak plazaratu dira eta egun hauetan salaketa kopurua nabarmen gutxitu dela ikusten da. Litekeena da ez salatzeko arrazoietako bat beldurra izatea, inoiz baino gehiago konfinamendu garai hauetan.

Horregatik garrantzitsua da bakarrik ez daudela gogoratzea eta mezu hau helaraztea gure sailetik: egoera larrian bazaude edo zaudela uste badugu, laguntza eska dezakezu honako telefono hauetan:

- Indarkeria matxistaren aurkako SAPEVI zerbitzua: 900 840 111 (24 orduz 365 egunetan)

- Oiartzungo Udaleko Gizarte-Ongizate zerbitzua: 943 49 05 52

- Oiartzungo udaltzaingoa: 943 49 33 11

- Larrialdiak: 112

Udalak nola atendituko ditu indarkeria matxista egoeran dauden emakume oiartzuarrak garai hauetan? 

Telefonoz arreta ziurtatu eta bideratzen da. Gizarte-Ongizate eta Feminismo sailek elkarrekin lanean diardugu. Udaltzaingoarekin batera, zerbitzuak egokitzen ari gara egoera bere honetara.

Hilketa matxista kasuak ez dira eten larrialdi egoeran. Oiartzungo Feministen Asanbladak bi protesta egin ditu larrialdi egoera hasi zenetik: Abantoko hilketaren kontra, sare sozialen bidez, eta Soraluzeko hilketaren kontra, kazerolada bidez. Zer iruditzen zaizkizu neurri horiek?

Larrialdi egoera honetan berebiziko garrantzia du eta oso egokia da bide ezberdinak erabiltzea gaiak merezi duen arreta eta duen larritasuna plazaratzeko. Sare sozialak, kazeroladak... herrikideok batu eta erantzun kolektiboak emateko bideak dira eta berebiziko garrantzia du erasoak salatzen jarraitzeak, indarkeria gaitzesteak, erasotuari babesa adierazteak eta indarkeria matxistarekiko gure haserrea eta irmotasuna erakusteak. Arazoari aurre egin nahi badiogu beharrezkoak diren zerbitzuak bermatu eta lanketa feministarekin jarraitu beharra dago. Udalak atxikimendua adierazi zien aipatu ekintza horiei eta udaletxeko balkoian puntu morea jarri du. Herrian jarri berri diren Oiartzunek ez du eraso sexistarik onartzen lau kale seinaleak ere bide beretik doaz. 

Feminismo sailak presentzialak ziren zenbati gauza bertan behera utzi behar izan ditu egoerak hala behartuta. Egoera normaltzean berriz martxan jarriko al dira? 

Ez dakigu noiz arte luzatuko den konfinamendua, baina berrantolatuko gara. Egutegiak egokituko ditugu eta Empalabramiento tailerra, Zinegoak-eko film laburren emanaldia eta abar luze bat gauzatu daitezen ahaleginduko gara, helburua Oiartzungo herriak berditasunerantz, hezkidetzan eta indarkeria matxistaren aurka aurrerapausoak ematea baita. Beste zenbait zerbitzu egokitu egin ditugu egoera berri honetara eta jarraipena, berdina ez den arren, era telematikoan egiten ari gara, bermatu beharrekoak baitira. Adibidez, autolaguntza zerbitzua.

Zaintza erdigunean jarri du osasun-krisi honek, ezta?

Zaintzak emakume aurpegia du eta krisi honek errealitate horren aurrean jarri gaitu. Etxeko zaintza, haurren zaintza, helduen zaintza, zaharren egoitzetakoa, mendekotasun egoeran daudenean, osasun arlokoa, garbitzaileena... hainbeste dira eremuak eta hain garrantzitsuak, ezen alor hauekiko dugun begirune falta gordinki pairatzen ari garen egun hauetan. Konfinamendutik irtendakoan ere hausnarketa serioa egin beharko dugu gure balore eta bizi ohituren inguruan, eta eraldaketak bultzatu, bizitzak erdigunean jartzeko.

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Gehigarriak

Olga Leibar, Feminismo zinegotzia: Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako oso larria da konfinamendu egoera