Egunean bi txanda aterako dira Doneztebe plazatik
Udan zehar ihesaldi txiki bat egin nahi duzuenontzat Oiartzungo paraje naturaletan murgiltzeko plan ezin hobea proposatu nahi dizuegu: Arditurriko meatze gunera Tren Berdean joateko aukera prezio murriztuan, uztaila eta abuztuko asteazkenetan. Bi irteera-txanda eskainiko ditu trenak asteazkenero.
Familian egiteko plan ezin hobea dugu hau, izan ere, adin tarte guztientzat egokia baita. Haurrek, gaztetxoek zein helduek Oiartzungo naturaz, baserri-auzoez eta meatze-aztarnez gozatzeko aukera bikaina.
Tren Berdea Elizalde auzotik abiatuko da, Oiartzungo hirigune historikoan dagoen Doneztebe plazatik. Paisaia zoragarriez gozaraziko digun 45 minutu inguruko ibilbide atsegin bat egingo du Oiartzungo naturgunean murgilduz. Oiartzun ibaiari jarraituz eta Aiako Harria aurrean dugula, garai batean Arditurritik ateratzen zen mea Pasaiako porturaino garraitzeko trenbide zaharra, egun Bide Berdea dena, bidelagun izango dugu. Azken zatian, Aiako Harria Parke Naturalean sartu eta Arditurriko meatze gunean amaituko da bidaia.
Behin Arditurrira iritsita, kaskoak jantzia meazuloan sartzea da plana. 180 metroko pasabidean barneratuz, iluminazio eta soinu-jokoek giro magikoa sortuko dute eta gida baten eskutik bertako historia eta garai ezberdinetako aztarnak azalduko dira.
Esperientzia ahaztezin hau borobiltzeko, trenean itzuliko gara Doneztebe plazara, irteera-puntu berdinera. Behin herrian gaudela, ezin galdu bertako gastronomiaz gozatzeko aukera.
Beharrezkoa da sarrera aldez aurretik erreserbatzea. Horretarako, uztailan eta abuztuan egunero zabalik izango den Oiartzungo Turismo Bulegora jo daiteke:
Helbidea: Aialde 2. Fermiñene etxea
Telefonoa: 943 50 89 13
E-maila: turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus
Webgunea: www.arditurri.com
Ordutegiak: Irteerak Doneztebe plazatik 10:00etan eta 11:15ean
Prezioak (trena + Arditurri):
Helduak: 10 €
5-12 urtekoak, 65 urtetik gorakoak edo 10 lagun baino gehiagoko taldeak: 8 €
1-4 urte arteko haurrak: Dohainik
Oharrak:
Aldez aurretik erreserba egin behar da.
Musukoa beharrezkoa da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika